Bateriak, hegazkinak, tatuajeak: Travis Barker

Gaurkoan Travis Barkerri buruz hitz egitea erabaki dut. Bere bizitzako gertakizunen urtemugarik betetzen EZ dela aprobetxatuko dut horretarako; sekula ez dut oso gogoko izan halakoez baliatzea.

Ezagutzen ez duzuenoi izenak ez dizue askorik esango. Ezagutzen duzuenok ordea ziurrenik (apurtxo bat soilik bada ere) tipoa maitatuko duzue. Nire aldetik, birritan ikusi dut tipo hau zuzenean jotzen, eta bietan harritu nau. Bere milaka proiektuak jarraitu ditut eta beldur barik esan dezaket nire uste apalean munduko bateriajolerik onena dela. Baina hortaz gain, istorio xelebrez beteriko bizitza duela ere aurkitu dut (eta sarri ez zentzu onean).

Suposatzen dut tipoa Blink 182 taldearekin egin zela ospetsu estrainekoz. Taldeak kontzertu bat eman behar zuen eta bateriajole gabe zen. Norbaitek Travis aurkeztu zien, eta honek 20 minututan taldearen kanta denak ikasi zituen (tira, apurtxo bat luzeagoan, 20 minututan kantak entzuteko betarik ere ez zuen izango eta). Eta horren ondo egin zuenez, taldean geratu zen.

Taldeak kontratu on bat lortu zuen garai hartan (kontratu onen garaia zen hura, bai) eta orduan heldu zitzaion ospea. Taldeko beste kideek jotzeko eta abesteko klaseak hartzera behartu zituen konpainiak; Travis ordea horretatik at geratu zen. Ikasteko gutxi zuen jadanik. Baina praktikatzen jarraitu zuen, eta esperimentatzen, eta urteekin taldeaz gain dagoen ospea eta izena lortu du.

Ez zen kamaren laguna ez. Hitz egitekoa ezta. Bere elkarrizketa gutxi aurkituko duzue. Itxura bitxia eta deigarria duen arren, ez du inoiz kamaren arreta bilatu. Mundu guztiak jakin nahi zuen zerbait tipoari buruz, baina ez zen erraza. Gaur egun, aldatu den arren, oraindik ez da. Tatuaiek gora egin zioten, eta Miss horietariko batekin ezkondu (eta banatu) zen, baina oso hitz zalea ez da inoiz izan (ezta gaur egun ere, telebistan tatuaien inguruko programa batean agertzen denean). Kontzertuetan bere kideak isiltzea zaila zen, baina berak inoiz gutxi bota du hitzik (askotan eskatu dioten arren). Bere musikak eta jotzeko moduak nahikotxo esaten du, ziurrenik bere hitzek esan dezaketena baino gehiago.

 

Esperimentatzearen aldekoa bada, ordea. Bere talde/proiektuak ikustea baino ez dago: Transplants punk taldea, Blink 182 eta +44 punk-popa, bakarkako hip-hop diskoa, Yelawolf rapperarekin erdibanako lana… eta denetan moldatzen da ondo. Kritikak jaso ditu estilo aldaketa horiengatik, noski, baina halako kritikek bide onean zaudela baino ez dute azaltzen. Aitortu beharra dut: osorik eta behin baino gehiagotan entzun dudan hip-hop disko bakarra berea izan da.

Bigarren ospe puntua tristeagoa izan zen ordea: hegazkin istripu bat izan zuen, eta bera eta bere lagun bat baino ez ziren bizirik irten. Geroztik ezinezkoa du hegazkinetara igotzea eta itsasontziz mugitzen da munduan gora eta behera.

Albiste txarrak, tamalez, ez ziren hor amaitu: jasandako zauriak sendatzeko eman zizkieten sendagaiek kalte gehiago ekarri zituzten. Istripuak lortu ez zuena, medikuntzak sortu zuen. Bere laguna istripua gainditu eta urtebetera hil zen, gaindosi batek jota. Travis berak ere alkoholarekin arazo larriak izan ditu, mina eta dependentziak gainditze aldera.

Baina jotzen jarraitzen du, eta zaleontzat berri ona da hori (eta berarentzat baita, ziurrenik). Bere istoriaren xehetasunak wikipedian edota aldizkarietan aurki daitezke baina, urrunetik, garrantzitsuena bere musikak ematen diguna (eta utziko diguna) da. Ea agortzen ez den!

Advertisements

Posted on 2015/02/15, in Uncategorized and tagged , , , , . Bookmark the permalink. Erantzunak desaktibatuta daude Bateriak, hegazkinak, tatuajeak: Travis Barker sarreran.

Erantzunak itxita daude.

%d bloggers like this: