EH Zuzenean 2015: 20 urte eta gero… Euskal Herriko festibalik onena?

20 urte eta gero… nire lehen aldia. Aurten lehen aldiz gerturatu naiz EH Zuzenean festibalera. Orain arte halakorik egin gabe nengoen, eta egia esan ez dakit zergatik. Bertan ikusitakoak eta gero, akats handia iruditu zait.

Gauza polit anitz dira Lekornen ikusitako horien artean, baina guztien artetik honekin geratuko naiz: festibal honek benetako festibalen osagai guztiak ditu. Festibal onenen osagaiak.

  1. Hiri handietatik urrun dagoen leku polit batean kokatuta dago. Mundua ahaztu dezakezu han barruan (nahi izanez gero, noski).
  2. Kanpin lekua kontzertuetatik gertu dago, eta guztia bateratuta egotearen itxura ematen du.
  3. Festibal giroa dago: musika berria entzun, musika ezagunaz gozatu, ondo pasatzeko asmotan dabilen jendez betea dago. Zenbait mozorro ikusteko aukera eta guzti!
  4. Talde aukeraketa orekatua, eta une orotarako taldeak: dantza egitekoak, burua astintzekoak, larre batean etzanda lasai ikustekoak…
  5. Su artifizialak dituzte! J

Beste arrazoi anitz ere baziren, baina tira, uste dut kontzeptua argi geratu dela. Ados, agian ez dituzte hiruzpalau talde jotzen aldi berean festibal handiek egiten duten moduan… baina diru kontuak baino ez dira horiek. Apika aktibitateren bat gehiago izateak ez zion kalterik egingo ezta, baina eskaintza ona denean halakoak ez dituzu horrenbeste falta botatzen.

Eta, festibal handiak ez bezala, garbi xamarra da… eta ez da horren garestia.

Larunbata: izen handiak, izen txikiak

Larunbatean gerturatu ginen bertara. Musika eremura egin orduko Electro Deluxe taldea ari zen jadanik jotzen (benetako festibaletan ez da beharrezkoa musika eremura joatea festibalean zaudela sentitzeko), eta benetan asmatu zutela esan behar. Bai taldekoek zein berau kontratatu zutenek. Giroa pizteaz gain, musika ona eskaini zuten, eta inor gutxik ekidin zion dantza egiteko dei hari. Madness modukoak ekarri zizkidaten burura, haien musikak beste ildo batetik egin arren (oso ezberdina ez bada ere), edota Caro Emerald lehen aldiz entzun genuenekoa.Electro Deluxe 1 Funk eta jazz nahasketa bitxi honek sekulako soinua agertu zuen. Jarraitzaile ugari zituen taldeak bertan, baina ezagutu berri zituztenak ere asko ziren. Denek batera oso giro alai batean pasa zuten kontzertua. Eguzkia zeruan eta berorik gogorrena pasata, egun hartako unerik onenetarikoak ekarri zituzten.

Skakeitan taldearen txanda ondoren, eszenatoki “estalian”. Mutil hauei agian hainbat gauza leporatu ahalko zaizkie, baina ez gogo falta edota euren soinuetan sinisten ez dutenik. Aurrekoa bezala talde jendetsua da hau ere, eta aurrekoak bezala baita jendaurrean ondo moldatzen den abeslaria dute. Baina bi taldeak ondoen bateratzen dituen ezaugarria talde izaera da: denek hartzen dute parte, denek dute euren momentua, eta batez ere denek ondo pasatzen dutela dirudi. Eta hori nabaritzen da. Zuzenekoan beraien ska apustuak punk ukituren bat hartzen du, eta taldekideen intentsitateak hori areagotu baino ez du egiten. Skakeitan 2Ez dut uste kontzertura gerturatu zen inork ondo pasa ez zuela esango zuenik (eta ez ziren gutxi izan gerturatu zirenak, ez!) Musikalki, oraindik bide luzea dutela uste dut, batez ere soinu propio bat garatzeari dagokionean. Baina argi dago eroso eta gustura daudela eszenatokiaren gainean, eta momentuz horrekin nahiko dute: ez da gutxi! EHko ska eszena zabal eta oparoaren jarraitzaileen artean sartuko ditugu, eta jarraitu beharreko taldeetariko bat.

Eguneko saio nagusia Berri Txarrak zen, noski. Hilabete zeramaten kontzerturik eskaini gabe, eta haien DDPB biran kontzertu ugari eman eta gero, haien eboluzioa zelakoa izan den ikusteko ordua zen. Agian festibal bat ez da lekurik aproposena horretarako, baina txarrena ezta.

Oraingoan, noski, ez zuten azken diskoa osotasunean jo; abesti berriak eta zaharrak tartekatu zituzten. Etsiak zabaldu zuen gaua, baina laster genuen Iparra galdu Hegora joan belarrietan. Hitz eskas eta musika askoko gau horietarikoa izan zuen taldeak: lehen 5 kantak atsedenik gabe aurkeztu zituzten. Zenbait joera errepikatu ziren (Orekan bertsiorik ez sartzea kasu) eta berritasun kuriosoren bat agertu zen (Folklore eta gero Gure Dekadentziaren Onena ez entzutea arraro gertatu zitzaidan!). Hori bai, amaiera sekulakoa izan zen: Oihu eta gero Denak ez du balio etorri zen. Ordurako suziriak agertu ziren jendartean; segurtasunaren arduradunak berauek dantzan eta abesten ari ziren. Eta segidan Lemak, Aingurak eta DDPB. Ikaragarria.BTX soinu frogak

Arazo nagusia laburtasunean egon zen: konturatu orduko kontzertua amaitu zen. Enkoreentzako tarterik ez zen egon ezta. Bai, gehiago jasotzeko irrikan geunden gehienok. Tira, beste batean izan beharko. Talde honi, 20 urtetako historia gainean izanik, jadanik horrelako saio laburrak txiki geratzen zaizkio.

Bide batez, oraingoan ere ez ziren aspaldiko UPN buru-behera idatzitako hitz haiek agertu; trukean, Gorkaren gitarraren atzealdeak OXI argi bat agertu zuen.

Su artifizialek festibala guztiz geldiarazi eta gero, Joseba Lenoir Gangaren txanda heldu zen. Boskote moduan osatu zirenetik haiek nekusan lehen aldia zen.

Eta ez zen izan nik espero nuena.

Lenoirren musika ezagututa, eta aurrekotan Felixekin batera duo moduan egiten zutena ezagututa (blues-etik gertuago ziren beste ezer baino), doinu lasaiak espero nituen. Josebaren azken diskoa ere ildo beretik doa. Eta osagai berrietariko bi Napoka Iria taldeko partaideak direla jakinik, ba arrazoi gehiago horretarako. Baina ez.

Soinu pisutsuak, elektrikoak, oso beteak eskaini zituen taldeak. Felixen lana Willis Drummond-ekin egiten duenetik gertuago zirudien beste ezerengandik baino, eta Xan (Willis Drummond-en dabilen beste taldekidea) ere gustura zebilen bertsio ozen horietan. Erraietatik erran, agian Josebaren kanturik borobilenetarikoa, bestelako kantu bat zirudien distortsioaren maindirearen azpian.Joseba B. Lenoir gang

Kontzertu hau ere azkar igaro zen, oso. Gustatuko litzaidake talde hau beste giro batean ikustea: argi dago hartutako soinua halako festibal batean oso egokia zela, baina nahiko nuke jakin ea areto txiki eta “lasaietan” jotzen dutenetan estilo hau mantentzen duten. Aukerak egongo dira horretarako, espero.

Anestesia zen hurrengo taldea, baina zerbait oker joan zen nonbait eta haien saioa zertxobait atzeratu zen. Egun luze baten ostean, etxera joateko ordua genuen. Patata batzuk jatekoa baita. Bide luzea oraindik aurretik. Datorren urtean gehiago, eta hobeto. Zinez, EHZ.

Xelebrekeri moduan, Joseba Lenoir Gangen kontzertua alboan Berri Txarrak taldeko Gorka eta Galder genituela ikusi genuela aipatu behar. Hau da Euskal Herriak eskaintzen dituen gauza polit horietariko bat. Gozatu ditzagun!

PD merkateknia apurtxo bat ere ez legoke txarto egongo!

Advertisements

Posted on 2015/07/06, in Zuzenekoak and tagged , , , , , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi zure erantzuna!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s

%d bloggers like this: