DA! 51: stand propioen urtea

Hau ez da kontu berria, duela urte nahikotxo hasi zen. Su ta Gar, Zea Mays, Gatibu edo Berri Txarrak modukoei aurten talde gehiago batu zaizkie, Willis Drummond kasu. Durangoko Azoka heldu eta, disketxe baten babesean aurkeztu beharrean, stand propioa antolatzen dute taldeek. Zergatik?

Ez dago erantzun bakarra, baina zenbait arrazoi nahiko agerikoak dirudite.

1. Euskal Herri mailan, zer eskaintzen du disketxe batek? Gaur egun, ezer askorik ez egia esan. Onurarik handiena talde hasi berriei dakarkie: zenbait kontaktu eskaini diezaieke, publizitate puntu bat, diskoen banaketa xumea, eta management (zuzenekoen kontratazioak gehienbat) hastapenak. Beste ezer ez duzunean, edota musika zure hobby bat baino ez denean, askotxo; baina hortik aurrera, ezer gutxi.

Dirurik ez dute ordaintzen disketxeek, edota oso gutxi ordaindu dezakete (eta sarri ez da diru fisikoa, diskoak edo halakoak baizik: hau da, ez dizkizute 1000 euro emango, euren ustez 5 euro balio duten 200 disko baizik. Hauek saltzea, taldearen kontua). Normala ere bada: euskal musikak zenbat disko saltzen ditu urtean? Zer nolako irabaziak izan ditzake disketxe batek diskoei esker?

Trukean, kontzertuen portzentaje bat “kobratzen” dute zenbait argitaletxek. Merezi al du portzentaje horrek eskaintzen dutenaren aldean? Ba esandakoa, hasten zabiltzanean bai; gero, ezer gutxi. Diskoak dendetan jartzea ere ez da negozio bat, beraz kendu hori ekuaziotik.

2. Merezi al die taldeei Durangoko Azokan stand bat jartzeak?

Stand batek 1300 euro inguruko kostua izan dezake. Gehitu horri desplazamendu gastuak, eta 5-6 egun Durangon bizitzeak dituen gastuak (gehienetan tabernatan bazkaldu edota afaldu, gela bat ordaindu, etab.). Ez da merkea, ez. Joan etorrian ibiltzen direnek ere 20-30 euro uzten dituzte errepidean egunean sarri. Hortaz 10-15 eurotako diskoak erreferentziatzat hartuta, atera kontuak. Kamisetak eta antzerakoak saltzea, printzipioz, debekatuta dago Azokan (disko+kamiseta eta halako eskaintzak izan ezean). Dirua berreskuratu daiteke, baina kasuak eta kasuak daude. Disko berria ateratzen duen Gatibuk ez luke arazorik izan beharko (duela urte pare bat, azken lana kaleratzerakoan, ia 5000!!! disko saldu zituen taldeak).

Galdera beste bat da: nork erosten ditu talde txikien edota hasiberrien diskoak? Erantzuna, gaur egun, inor gutxi da. Internet aroaren ondorioak nonbait (edo auskalo). 5 eurotako diskoak saldu arren, Azoka guztian 20 edo 30 disko soilik saltzen dituzten asko ezagutu ditut. Marketing agresibo samar bat eginez gero Azoka aurreko hilabetean askoz gehiago izan daitezke, noski, baina hori norberaren esku geratzen da. Argi dago “gure musikak hitz egin dezala” teoriak ez duela askorako balio halako kasuetan.

Talde txikientzako ekintzak eta aukerak badaude: Ahotsenean jotzen duten egunean, salmentek gora egiten dute. Musikazuzenean edota Autoekoizleen Plaza moduko iniziatibek izugarri laguntzen dute (lehenak, gainera, urte guztian zehar). Ez dira asko, eta bertara gerturtzen garenon esku geratzen da baita haiei jaramon egitea, baina badaude.

3. Baina, diru kontuez gain, ba al da beste zerbait? Benetan merezi du, ala ez?

Internet aro honetan dena ez luke saltzea izan beharko, edo ez disko fisikoak behintzat. Jendea ezagutu, musika ezagutarazi, entzule/bezeroen iritziak jaso, beste taldeen mugimenduak ikusi eta ikasi, lagunak egin, ongi pasatu… Eta soilik horregatik bada ere, taldeei komeni zaie Durangoko Azokan egotea.

Ados, hau guztia debalde izango balitz gusturago egingo lukete, baina gure aro honetan ezerk ezin omen du debaldekoa izan.

Bestalde, disketxe batekin joanez gero taldearen izena ezkutatu samar geratzen da. Ez da gauza bera “non dago Zea Mays-en standa” edota “non dago Gor disketxearen standa?” galdetzea/pentsatzea. Horrek bai duela bere kostua, eta ziur naiz talde gehienek soilik horregatik bada ere atsegin handiz hartzen dutela Azoka.

Baina ekonomikoki ere badu bere alde ona. Liburu argitaletxe askok urte guztiko salmenten  %80a 5 egun hauetan egiten dutela diote (txikiek batipat), eta tankerako zerbait gertatzen da diskoekin: kontzertuetako salmentak kenduta, egun hauetan saltzen dituztenak urte guztiko diskoen gehiena suposatzen du talde askorentzat. Dendetan ezer gutxi saltzen da gaur egun, eta internet bidez erosteak ere ez du aparteko bultzadarik (taldearen webgunean edota bandcamp-ean).

Azken finean, mereziko ez balu ez litzateke horrenbeste urtez aurrera egingo honek, ezta?

PD Nire aurtengo erosteko seguruak, euren kabuz lan egiten duten eta aspaldi ezer argitaratu gabe egon diren bi taldeenak: Kokein eta Willis Drummond. Talde txikiak, bertan aurkituko.

Advertisements

Posted on 2016/12/02, in Istorioak and tagged . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi zure erantzuna!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

w

Connecting to %s

%d bloggers like this: