#52DA: trantsizio urteak

Amaitu da 52. Durangoko Azoka (gogoratu, izenean Azoka eta besterik ez, liburuak eta diskoak aipatu gabe). Azken urtetako joera mantendu du aurtengokoak: jendez lepo, euria barra-barra eta eraldatze etengabea. Asko saldu dutela dirudi beti asko saltzen dutenek, ez horrenbeste besteek; arlo honek ere joera mantendu du.

Azter ditzagun (ditzadan?) aurtengokoaren berezitasunak.

Aktibitatez blai

Azoka jadanik ez dago Landakoko pabilioira mugatuta, Durango osoa hartzen du. Durangalde osoa esango dute zenbaitek baita, inguruko herrietan ere mugimendua sortzen baitu. Herriko beste zenbait areto ere betetzen dituzte egun hauek, eta eskaintza gero eta anitzagoa da: musika, hitzaldia, filmak, antzerkia…

Iritzia: bete-betean asmatu dute.

Azokara joateak zuen arazo nagusia “eta orain zer egingo dugu?” galderari erantzutea izan da historikoki. Stand-en gunea bisitatzen ordubete pasa zezakeen bisitariak (sarri ezer gutxi ikusiz, jendetza dela-eta), eta ondoren zeregin askorik ez zuen. Tragoren bat hartu, akaso, baina tabernak beteta eta eguraldi kaxkarra tarteko, maiz ez zirudien oso irtenbide atsegina.

Ez da horrela gaur egun: egun-pasa ederra egiteko aukera eskaintzen du Azokaren programazio heterogeneoak. Bikotearekin, umeekin, lagunekin… denontzako tartea dago.

Azoka bera: stand-en gunea

Azokak eraldaketa jasaten duen bitartean, stand-en gunea berean dirau. Eta hori, 2017. urtean, berri txarra da.

Iritzia: hobetzeko asko. Programazioak aurrera egin badu, orain arlo honi dagokio eguneratzea.

Onar dezagun, bisitarientzat stand-ek funtzio bakarra dute gaur egun: artisten sinadura bat edota argazki bat lortzea. Bertan eros ditzakezunak beste edozein lekutan aurkitu ditzakezu, eta lasai egon zaitezke, ez dira agortuko. Are gehiago: liburu bat liburudendan erosiz gero, idazleari ez ezik urte guztian kulturaren alde lan egiten duen norbaiti ere laguntzen diozu (tira, normalean: nahi baduzue beste egunen batean hitz egingo dugu Fnac, Corte Ingles eta halakoei buruz).IMG_20171213_081217

Aspaldi, azokak bazuen beste funtzio bat: gauza berriak ezagutzea, aurkitzea. Hori ia ezinezkoa da oraingo formatoan, azken urteotan ezinezkoa izan den moduan. Adibide bat jarriko dut: Musikazuzenean stand-ak Azokan aurkeztu diren 92 disko berrietatik 52 zekartzan. Mordoa! Baina stand-era gerturatu eta ezinezkoa haiek entzutea.

-Ahotsenea dago horretarako -diote batzuk.
-Bai, baina ezinezkoa zait 5 egun hemendik ibiltzea Ahotseneakoak entzuteko.
-Internet-en entzun ditzakezu -erantzungo dute zenbaitek.
-Ados, baina orduan zertarako etorri Azokara? Katalogoa etxean entzun eta kitto.
-Behintzat diskoak ikus ditzakezu, apuntatu, eta gero etxean entzun!
-Jendetza artean, 2 minutu stand baten aurrean ematea lortzen badut, zorionekoa ni!

Gauza bera liburuekin: ezinezkoa zait liburu bat hartu eta bizpahiru minutu berau irakurtzen ematea. Askoz erosoagoa zait liburudenda batean hau egitea, edota liburutegi batean. Durangoko liburutegiak duen irakurtzeko/entzuteko txoko ederra ikusita, Gerediagak adibide argia du gertu…

Saltzaileak (edo artistak)

Alde ona: asko poztu ninduen Bonberenea Ekintzak 2 stand izateak (bai, 2!). Gauza bera Musikazuzenean-ek hartu duen olatua. Gutxika bada ere, proiektu txiki eta independienteek aurrera egiten dute, nolabait Azokaren xarma hori mantenduz: beste lekuetan aurkitu ezin ditzakezun horiei ahotsa ematea.DQUJgBvXkAEbvHH

“Beste aldea”: taldeen artean, berrikuntza apur bat botatzen dut faltan, hau da, bakarrik Azokan lortu daitekeen zerbait. Zure disko berria saltzera mugatzeaz gain, pack modukoak eskaintzea, adibidez. Ez da erraza, egia esan. Neuk zenbait disko erosi ditut gehienbat kontzertuetan erostea ez delako oso erosoa (eta sinadurek oroitzapen moduko bat uzten dizutelako), baina stand gehienak ez ziren batere erakargarriak: zer zegoen ikusteko Gatibu, Zea Mays, Berri Txarrak edota Izaroren stand-etan? Betiko diskoak (eta ez denak!) eta kitto. Agian Azokak duen legediari buelta bat emateko ordua dugu: benetan ezin dira kamisetak saldu? Egutegiak bai baina poltsak ez?

Iritzia: kontzertuetako salmentetan gauza interesgarri gehiago aurkitzen ditut Azokan taldeen stand-etan baino.

Gauza bera (araudiari buelta bat ematea) esan dezaket hizkuntzaren harira. Belakok debekatuta du Azokan egotea araudi linguistikoa ez betetzearren, baina zenbait liburu argitaletxetan 3 (!) liburu bakarrik zeuden euskeraz! Legedi arazo bat da, kontrol kontu bat… edo beste zerbait? Zuri-beltzezkoa beharko lukeen legedi horretan itzal gehiegi ikus daitezke.

Erosleak

Azokak itxaropena pizten dit niri: gazteak ikus ditzakezu diskoak erosten. Ez kanta hau edo bestea spotify-n edota youtuben entzuten, disko OSO bat erosten baizik. Gaur egungo gizartean, ez da gauza erraza halakorik lortzea! Disko osoaren kontzeptua defendatzen dugunontzat, irabazitako zerbait!

Bestalde, gero eta jende gutxiago ikusten dut disketxeen bila eta bai ordea “izenen” bila. Gor Diskoak jadanik ez du behinola izandako oihartzuna, Baga Bigak eskolako liburuen izenak dakartza gogora, Elkar zure auzoko denda dirudi. Jendeak Berri Txarrak edo Sutagar izena bilatzen du, eta zenbat eta errazago jarri, orduan eta hobeto berarentzat. Ea hurrengo urteetan zelan eboluzionatzen duen honek: stand ezezagunetan gauzak bilatzea polita izan daitekeen arren, bisitarien portzentai txiki batek bakarrik pentsatzen du horrela.Badok Azoka

Behinola eskaintzak eta deskontuak bilatzen zituen jendeak Azokan; gaur egun prezioak ez du gehiegi axola, antza. Berritasuna, momentukoa, selfiea (esperientzia?) bilatzen dugu, antza. Stand pare batek baino ez zituzten KD eta binilo kaxa handi horiek, non bilatu eta bilatu egin behar duzun altxorren bat aurkitzeko esperantzan. Niri harritu ninduen Neighbor-en azken diskoa eskaintzen kaxa batean baino ez nuela aurkitu, adibidez!

Iritzia: guk geuk ba al dakigu zer nahi dugun?

Aurkezpen eta berrien monopolizatzailea

Iritzia: berri gehiegi dago Azoka garaian. Sentitzen dut, baina niri ezinezkoa zait denak jarraitzea.

Adibide gisa Ze Esatek! taldearena jarriko: disko berriarekin zetozen, bideoklip berria eta guzti, kontzertua Azoka egunetan… eta bereak eta bi kosta izan da beraien berriak entzutea. Beraien jarraitzaile sutsuek bai, eta gertuko beste pertsonek baita, baina hortik at nekez entzuten zen beraien ingurukorik. (Lehen esan bezala, errazagoa da Ze Esatek! bilatzea Baga Biga bilatzea baino; stand horretan zeuden.)
ze esatek bideo
Akaso urtean zehar, beste momenturen baten, diskoa ateratzea hobea litzateke? Ezin esan, baina egia da zenbait hilabetetan berri musikalik ez zaigula heltzen, eta Azokan berriz denak gainezka egiten digula.

Hidden track

Boteprontoan, eta gehiegi pentsatu gabe, Azokan gertatu diren zenbait gauza bitxi:Imagen1

  • Aurtengo Azokak joko moduko bat izan du: Willis Drummond-en stand-a aurkitzea. Batek baino gehiagok buelta eta buelta eman eta gero aurkitu du!
  • Azkar ibili zen Gerediaga Elkartea Goazen! kontuarekin. Asteazkenean Azoka kolapsatu eta gero, sinadurak lortzeko txoko berezi bat jarri zieten. Agian etorkizunean beste idazle/talde batzuekin lor daitekeen zerbait da hau, leku eta konbentzio askotan egiten den bezala. Bonbereneako stand biak guztiz eztalita geratu ziren asteazkenean ilara medio, eta ezinezkoa zen stand honetara gerturatzea ere ez!
  • Glaukoma eta Goazen bata bestearen ondoan jartzea ere, bitxia ezta?
  • Azokatik kanpo jartzeko modukoa da Toti: Bizkaibusek Azoka ondoan duen txiringitoan ondo legoke liburuak sinatzen baita… Beste sarrera guztiz kolapsatu zuen honek ere. Urteroko kontua: ezin esan espero gabeko zerbait zenik!!
  • Ene kantak zergatik ez dago musika eremuan?
  • Nik ez nuen aurkitu Niña Coyote eta Chico Tornadoren ezer. Ez dakit ze espero nezakeen, diskoak baditut eta, baina tira. Arazoa: ez ziren bakarrak izan, beste zenbait talderen falta somatu nuen… Ez ziren asko izango, baina…
  • Haizeak Ahotsenea eta Kabiak ixtera behartu baldin bazuen… akaso lekuz aldatzeko ordua heldu zaie? Edo egituraz? Ekimen onak izanagatik, eta lekua polit samarra izan arren, egiturak hobetzekoak baditu.

Nahikoa aurtengoz. Datorren urtean berriz bertan aurkituko dugu elkar!

Advertisements

Posted on 2017/12/12, in Uncategorized. Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi zure erantzuna!

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: