2018ko 12 kontzerturik onenak

Horrenbeste kontzertu on egon dira 20118an, eta horren zaila da denetara joatea… Guk ikusitakoen artetik, aukeraketa bat egingo. Ez da 1 hilabeteko… baina ia.

  1. Willis Drummond, Doka. Urtarrilak 4.

Urtea gogor hasi zen Joseba B. Lenoirren agurra izango zenarekin. Dokako giro ezinobeak Bilboko Antzokikoa edota Urrian grabatutakoa baino hobeago bilakatu zuten kontzertu hau. 2 ordutako setlist-a labur geratu zitzaigun…

  1. Belako, Euskalduna. Otsailak 24

Disko berriaren aurkezpen eguna. Kanta asko ez genituen ezagutzen oraindik, eszenatokian agertzeko modu berriari moldatzear zeuden taldekideak eta leku arraro bezain ezberdina zen Euskaldunaren Hall hori. Berdin zioen: sekulakoa izan zen! Nagusi zein gazte, hipster zein punki, mundu guztia pozik utzi zuen taldeak

3. Grises, Dabadaba. Martxoa 16

Jaialditan agertzen da askotan talde hau, baina areto txikietan askoz hobeto moldatzen dela esango genuke. Gauza bera pentsatu zuen Zestoa ingurutik peregrinazioa egin zuten jendetzak. Gau beroa izan zen!

      1. Berri Txarrak, BEC! Martxoak 17

Areto handien lagun ez garela diogu sarri, baina talde onek ahoa ixten digute behin eta berriz. Hirukoteak (une batzuetan seikote bilakatu zena) BEC erraldoia txiki geratzea lortu zuen. Soinua, ezinobea. Jarrera, ezinobeagoa. Musika, askoz ezinobeagoa. Pena bakarra: DVD edota Youtube-n ez dutela argitaratu. Aizue, Netflix eta tankerakoak, hurrengoan biziago ibili!!

 

      1. Reuben RG, La Cripta. Maiatzak 18

Egia aitortuko: Empty Files ikustea zen egun honetako plana, eta bilbotarrek ondo baino hobeto bete zuten beraien lana. Ezezaguna zitzaidan boskote honek ordea, Reuben RG delakoak, bere pop elektronikoaz oso soinu polita lortu zuen lurrazpiko aretoan. Diskoan baino askoz hobea, esango nuke! Agian espero ez nuelako-edo, oso oroitzapen politak utzi zizkidan taldeak.

      1. Lorde, Primavera Sound. Ekainak 2.

Jaialdi “handien” sasoia aurten Euskal Herritik kanpo hasi genuen. Artic Monkeys edota Björk bezalakoak kartelburu zituen topaketa historikoan, zelanda berriko bakarlariak bere tokia eskatu zuen eszena mundialean. Oso zaila den zerbait lortu zuen: show polit eta erraldoia bezala pentsatutakoa, tarteka intimoa eta gertukoa bilakatzea.

  1. Amorante, Zumaia. Ekainak 15.

Amorante tipo bitxia da, bai musikari zein musika hori aurkezteko erari dagokionean, eta are leku bitxiagoa aukeratu zuen kontzertua eskaintzeko: Zumaiako San Telmo baseliza. Turisten Meka bilakatu den toki hori bestelako soinuz bete zuen bakarlariak, eta oroitzeko moduko emanaldia eskaini zuen. Bere kantu askok zentzua irabazi zuten halako eszenatokian.

 

            1. Pearl Jam, Bartzelona. Uztailak 10.

        Berriz ere Katalunia aldera egin behar, oraingoan musikaren dinosaurio hauen azken ikuskizuna entzutera. Eta, beste behingoz ere, merezi izan zuen. Ia 3 ordutako emanaldia, aparteko argi, eztanda, dekoratu eta bestelakoen laguntzaren behar gabe. Musika onak ez du besterik behar!

            1. Eels, MadCool. Uztailak 13.

        Beste jaialdi erraldoi bat. Antolakuntza arazoek berriak bete zituzten eta jende askok barnean entzun zitekeen musika ahaztu egin zuen, baina aparteko taldeak egon ziren. Hauen artean Mr. E-ren taldea aipatu behar: soinu alai eta azkarra aukeratu zuen oraingoan bere kantetarako, country ukitu batez jantzi hauek. Sekula ez dakizu zer espero dezakezu tipo honen kontzertu batean, eta oraingoan aurkitu genuena oso atsegin izan genuen!

            1. Inor ez da ilegala jaialdia, Donostia. Irailak 13.

        Berriz ere Dokara bueltan. Iker Laurobak antolatutako jaialdi solidario honek sekulako momentu ederrak utzi zituen musikari dagokionean (bestelakoetan ere, baina horretara mugatuko, ados?). Olatz Salvadorren ilusiotik hasi, Izaro eta lagunen gertutasunera pasaz, Anariren emozioa, Zea Maysen indarra edota Gorka Urbizuren handitasunera helduz… Iker beraren doinu goxoak ahaztu gabe noski! Bost ordu gehiago iraun izan balitu ere, denok pozik.

            1. Gaztezulo jaialdia, Bilboko Kafe Antzokia. Azaroak 25

        Igande arratsaldeko kontzertuetan sekula ez dakizu zer espero dezakezun, ez taldearen ez zalegoaren aldetik ere. Horrenbeste talde egonda, are gutxiago. Ba ondo baino hobeto kunplitu zuten denek! Ederrak Bandini eta Jon Basaguren, indartsu Liher, handi Zea Mays, bizi-biziak Xabi Solano eta DJ DZ. Bakoitzak bospasei kanta gehiago jo izan balitu, poz-pozik gu (tira, astelehen goizean altxatzeko ez horrenbeste!)

            1. Belako, Mungia. Abenduak 28

        Ondarruko Beikozinin ederra prestatu zuten igande gauean, baina Home Show moduko hau oso berezia izan zen. Mungiako musika eszena eder eta oparoa aldarrikatu eta gero (zenbat talde ON daude Mungian?!?), kontzertu sendoa eskaini zuen laukoteak, urte luze baten azken aurreko kontzertua izango zuten honetan. Oraingoan estilorik punkena atera, eta otsailetik jasandako eboluzioa oso bide onetik doala argi utzi zuten.

Posted on 2019/01/16, in Zuzenekoak and tagged , , , , , , , , , , , , , , , , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi zure erantzuna!