Blogaren artxiboa

Zer espero dezakegu 2020an?

Hastear dugun urtean ezusteko asko etorriko diren arren, aldez aurretik espero ditzakegunei buruz arituko oraingoan.

Gurean urte bitxia izango dugu: azken urtean handitzen joan den bola ez dugu izango gure artean, eta Berri Txarrakek uzten duen hutsunea nork hartuko duen ikusi ahal izango dugu. Tamaina erdiko birak izango ditugu, Willis Drummond eta Zea Mays kasu, baina beste behingoz eszenaren muina areto txikietan mugituko dela dirudi. Agur estadio handiak betetzeari. Ziur Izarok aipatutako biek baino leku handiagoak beteko dituela, baina ez dirudi Lekunberriko hirukotearen tamaina hartuko duenik inork. Edota norbaitek hartuko badu, ez dago oso argi nor izan daitekeen.

Disko berrien artean Belakorena aipagarri: auskalo zer dakarten bizkaitarrek, baina orain arteko mailari eutsiz gero oso gauza ona izan daiteke. Zalegoak erantzungo al du? Hobeto esanda, euskal zalegoak erantzungo al du? Akaso beraiek izango dira eszenatoki handiak beteko dituztenak?

Beste zenbaitek urtea lanean emango dute ziurrenik, Olatz Salvador kasu, eta ziur Durangoko Azoka gerturatu ahala berriak helduko zaizkigula. Zer gertatuko da Izaki Gardenak modukoekin? Bidea egiteari eutsiko diote, ala Liberena moduko bakarkako proiektuak itzuliko dira? Hau, ere, ez dago oso argi.

Ikusi behar baita toki bat aurkitu nahian dabiltzan taldeek zer nolako bidea egiten duten: Skakeitan edota Dekot modukoen ordua iritsi da, edota haiek ahaztuko ditugu? Espero aspaldiko taldeen itzulerara jotzeko beharrik ez izatea… beste behingoz.

Edonola ere, badirudi “klase ertainaren” urtea izango dela. Nork egiten duen gora eta nork behera, agian 2020an erabakiko da.

Kanpotik datozkigun izen handiegirik ez dago momentuz Euskal Herrian. BBKlive-k berak ere kartel arraro samarra osatu du, mainstream-aren mugak arakatu eta gero. Hortik kanpo, badirudi erdibideko talderen bat heldu daitekeela baina izen handiegirik ez. Zerbaitegatik izango da.

Kanpotarren kasuan ere areto txikiagoek ekarri ditzakete harribitxiak, Agnes Obel Angleten jotzea bezalaxe. Argi distiratsuetatik urrun dabiltzan taldeek osatzen dituzte Kafe Antzoki, Santana 27, Dabadaba eta tankerakoen programazioak, askoren harridurarako. Tira, ez da Euskal Herria halakoak pairatzen dituen leku bakarra.

Gugandik kanpo izen handiak gerturatuko dira. Sortzen den galdera bitxia da: prezioek mugarik aurkituko ote dute urte honetan? Metallica, Guns’n’Roses edota Bon Jovik ezarritako errekorrek etenik izango al dute inoiz? Edota jada denak balio du? 1000 eurotara helduko al dira sarrerak aurten? Stubhub, viagogo eta antzerakoek gora jarraituko ote dute? Mugikor batengatik 1600 euro ordaintzea ohikotzat dakusan gizarte batean, dena da posible.

Artistei dagokionean, nire aldetik Lorde da gehien espero dudana. Zer ekarriko du gazte honen 3. lanak? Non mugituko da oraingoan? Hortik at, mugimendu berriak zirraragarriagoak suertatzen zaizkit dinosaurio handienak baino. Izen handien garaia pasa da entzule askorentzat, baina ez denontzat: aurten My Chemical Romance modukoak itzuliko dira, eta ziur ez direla bakarrak izango. Bitxia: oraindik gazteak ematen duten taldeak, jada bueltatzeko beharrean. Beste batzuk, inoiz joan ez ziren arren, beraien ingurutik aspaldi irten gabe zebiltzan, ARFera etorriko den Incubus kasu.

Tira: denontzako lekua egongo da. Bai musikarentzat, eta baita negozioarentzat ere bai. Norberak aukera dezala.

ImaginGaztea: Gaztea imajinatzen eta gazteak ikusten

Kontzertu arraroa izan zen urriak 12koa.

Gaztea irratiak antolatzen zituen emanaldiak, Euskal Herriko irratirik “handiena” musikari dagokionean; eta hala ere euskara hutsean abesten zuen talderik ez zegoen. Barakaldoko BECaren zati bat izan zen aukeratua horretarako, eta egun hartan cuBEC bezala izendatu zuten (BECatu laburra ekarri zidan niri burura); bitxia da euskaldunok megapabilioi defizitarioari aurkitu diogun erabilpena, industriarentzat eraikitako txokoa bertsolaritzak, Berri Txarrakek edota La Pollak betetzen baitu azkenaldian. Dena prest jendetza erakartzeko, eta hala ere sarrera eskasa izan zuen ekintzak, euskal musikari dagokionean gurean asmatzea zein zaila den erakutsiz; aurreko asteetan oparitutako sarrera mordoek ere ez zuten jende gehiegi erakarri.

(Eta, hala eta guztiz ere, edariak eskatzeko ilarak. Eskerrak lekuak ez zuela gainezka egin!)

Ikusleen artean Dekot taldekoak edota Zea Mayseko partaideak aurkitu genituen. Rural Zombies ikusten egon zen Iker Lauroba eta Belakoko kide batzuk, eta trukean Izaro ikustera gerturatu ziren Rural Zombiesekoak. Musikariak beste musikariei babesa emanez. Ondo.

Hasteko, agurra.

Giro hotz samar horren erdian abiatu zuten Rural Zombiesek beraien azken kontzertuetako bat. Laster asko bildu zuten jende aurrealdean (hori ez da oso ohikoa) eta saio azkar baina betea eskaini zuten zestoarrek. Tarte gutxi utziz kantu batetik bestera, beraien “hit” guztiak plazaratu zituzten. Soinua bikaina zen, bai taldearen aldetik zein aretoak eskaintzen zituen baliabideengatik, eta taldearen jarraitzaile zein ezagutu berri zutenek ederki pasa zuten. Ez ohikoak diren kontuekin jarraituz, jendea dantzan ikusi genuen!

Zapore gazi-gozoa uzten du (edo uzten dit) boskotearen agurrak. Nagusiki, gehiago eman zezaketela dioen sentsazioa dut, batik bat Bat diskoak ekarri zizkigun doinuen eta lehen promesaren ostean. Gerora guretik kanpo bertan baino arrakasta gehiago lortu dutela iruditzen zait, eta agian babes falta horrek sor dezakeen nekeak ekarri du agurra, ofizialki arrazoia beste bat den arren.

Bigarren diskoak ez du horrenbesteko oihartzunik lortu eta kanta berriek ez zuten apartekorik piztu entzulegoaren artean, lehen diskokoak ez bezala. Kontzertuan hori bera nabaritzen zen: kantu berrienekin giroa moteltzen zen. Hala ere, azkartasuna tarteko, halakoetan erreparatzeko aukera gehiegirik ez.

Agian ingelesez abesteak taldeari ez dio gehiegi lagundu Euskal Herrian errotzen, batek daki. Egia da erderaz abesteak zenbait ate irekiko dizkizula, baina egia da baita bertoko oinarriak lotzerakoan ez duela horrenbesteko laguntza eskaintzen.

Akaso jorratzen duten pop elektronikoak ez du horrenbesteko oihartzunik gaur egun, trap eta rock eta indie-aren arteko gatazka etengabe horretan. Kantu on batek beti aurkitzen du bidea, berdin dio zein den estiloa, baina bidea nondik hasten duzun ere eragina du emaitzan.

Zerbait gehitze aldera: izenak berak ere ez du gehiegi lagundu. Ohituta nago ni jada, baina oroitu dezaket hasiera batean punk estilo gogorra espero nuela izen hori duen talde batengandik; bitxia izan da nire lagunek, BECeko dataren aurretik ezagutzen ez zuten horiek, gauza bera espero zutela!

Ez dut esan nahi talde honek arrakasta lortu ez duenik (are gutxiago arrakasta bezalako kontzeptu neurtezin baten inguruan), baina askoz gehiago eskaini zezakeela ematen du. Tira, taldekideak beste proiektutan hartuko ditugu laster.

Atsedena, erdibidean.

Jaialdiaren kartelburu izatearen ohorea nork izan behar zuen ez zegoen oso argi: nor da “handiagoa” gaur egun, Izaro ala Belako? Estiloak ikusita, ostera, zentzuduna zirudien talde zaratatsuena azken ordurako gordetzea. Horrela, emanaldi lasai bat jaso genuen gaueko 11ak aldera. Onartu behar arraro samarra dela, aurreko taldeak mugitzeko gogoak piztu eta gero.

Aldaketara ohitzea kosta zitzaidan, eta ingurukoei baita. Laster, ordea, giro berrian murgildu ginen eta bestelako soinuei egin genien bide. Zalegoa ere agertu zen, gutxika, eta lehen kantuak heldu ziren jendartetik.

Izarok esperientzia irabazi duela agerikoa da. Plaza zaila zuen, eta hala ere ondo mugitu zen bere kanturik bareenak azaltzeko eta laster batean jendea esnatzeko. Areto handia zen BECekoa baina bere ahots bakartiak pare bat aldiz bete zuen; segidan, publikoari deia berarekin abesteko eta mugitzeko. Eta jendeak erantzun zuen.

Hasieran esandakoarekin jarraituz, bere kantarik jarraituenak gaztelanieraz abestutako bi izan ziren, Escala de Grises eta La Felicidad. Bueltatxo bat eman beharko genioke horri euskaldunok.

Onena, azkenerako gorde.

Eta horrela, barealdia eta gero, agertu zen Belako. Beraiei zegokien ekaitz rola betetzea, eta ondo baino hobeto antzeztu zuten. Indartsu, azkar, eta ohikoa baino zertxobait gogorrago: zenbait oihuk talde trash bat ekar zezaketen gogora. Jendeak, noski, erantzun zuen. Gazte zein nagusi, mundu guztia mugitzen zen han.

Beraien disko guztiak ukitu zituzten, eta hauetan gutxika pilatu dituzten harri bitxiak zalegoarengana heldu direla agerikoa suertatu zen. Track sei, Mum edota Lungs klasiko moderno bilakatu dituzte. Estadio-ereserkiaren bat utzi digute, Sea of Confusion kasu. Eta tartean, oraingoan elektronikari zati zabalago bat uztea erabaki zuten: Nice Church esperimentalari, aspaldi jo gabeko Sinnerman-en bertsioak jarraitu zion.

Mundu guztia pozik. Tira, den-denak ez: taldea aspaldi entzun gabe zeuden nire lagunak. Eta, noski, taldearen orden aldaketak eta instrumentuen erabilera berriek harrituta utzi zituzten… eta ez zituzten gehiegi atsegin. Lehen 4 taldekideek lerro batean jotzen zuten eta Crisek teklatuak eta programazioak zuzenean jartzen zituen martxan; orain soinuak “agertu” egiten dira, “inork ezer egin gabe”, eta diskoteka erraldoi baten itxura hartzen du oholtzak zenbaitetan.

Nik, ohituta egonik, egoera berria atsegin dut. Baina nire lagunen sentsazio berbera izan nuen duela urte t’erdi Euskalduna jauregian azken diska agertu zutenean. Dena den, hurrengo diskoa gertu dute eta auskalo zer aldatuko den orduan. Zerbait erakutsi badu talde honek beraien musika, izaera eta estiloak sailkaezinak direla da, eta ziur ezustekoz beteta itzuliko zaizkigula laster!

Postrea.

Arraro egin zitzaidan merchandising posturik ez egotea.

 

 

 

Musikalki, zer espero dezakegu 2017an Euskal Herrian?

2017a hemen dugu, eta honek ekarriko duen musikaren zain gaude. Zer da gogo biziz espero duguna?

Norbanako bakoitzak bere zaletasunak izango ditu, beraz agian “zure” taldeak ez dira hemen agertuko. Hala ere, 2017rako espero ditzakegun zenbaiten zerrenda dakarkigu hemen. Zuk bestelakoak espero badituzu, egin zurea… eta jakinarazi iezaguzu! 😉

  1. Talde berriak

Talde berri esanguratsuenen artean, gogo gehien sortzen dituena eta aurten espero dezakeguna Dekot taldearen lehen lan luzea izan daiteke esanguratsuena. Aurkezpen EP bat eta gero (lehen maketa esaten zitzaion hori), langa oso goian jarri dute eta ikusmin nahikotxo sortu dute. Ikusiko dugu… espero. 0007047716_10

Mugimendu berriak finkatzen joatea ere espero dut. Empty files taldearen kasua jarriko dut adibide gisa: gutxika eta etengabean, beraien musika “ezberdina” hedatuz joatea eta leku berrietara heltzea espero dezakegu. Agian, gainera, “disko” berria izango dute aurten. Beste hainbat talde txiki ere bueltan eta euren bidea zabaltzen jarraitzea espero dugu, hala nola Haxotz edota Estankona; agian ez dira horren berriak jadanik, baina argi dago ibilbide luzea izan dezaketela aurretik.

Gauza bera esan dezakegu Altxatu talde gazteari buruz: disko berria laster izan beharko lukete, eta horrek esango digu nora heldu daitekeen talde hau…

  1. EHko talde “handiak”

Gure “big guns”-ei buruz hitz egin behar baita, sarri berriak bereganatzen dituzten horiei buruz. Ez dira hobeak ez txarragoak, baina nolabaiteko status batera heldu dira jada.

Eta hala ere, mugimendu gutxi aurreikusi daiteke arlo honetan hasi berria den urtean…

Ez dago oso argi Berri Txarrakek aurten lan berria argitaratuko ote duen ala ez. Antza, duela urtebete zalantza izan zuten: disko berria prestatu ala jotzen jarraitu? Bigarrena aukeratu eta gero, aurten ere albo-proiektuetan aurrera egingo dutela dirudi. Agian zerbait prestatzen hasiko dira, baina ez dirudi aurten lan luze berri bat ekarriko dutenik. Nahiz eta ezin ziur esan… Ez dirudi ezta EPen moda horretara lotu daitekeen taldea izan daitekeenik
Belako - Kultur Kutxa 2016
Belakorengandik zerbait espero dezakegu ostera. EP ala disko osoa, ez dago oso argi. Baina Hamen bira amaitu eta gero (nahiz eta, gaur egun, bira kontzeptua ez dagoen oso argi; jotzen jarraituko dute, behintzat), beraien hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ez dago erabakita. Ziurrenik, besterik ezean, kanta berriak prestatzen hasiko direla laster; argitaratu ala ez, beste kontu bat da… Berri Txarrakekin gertatu bezala, posible da baita 2017 goizegi izatea.

Sutagar beraien bira ezberdin horretan murgilduta jarraituko dute (baietz zuzeneko diskoa atera?). Ezin disko berririk espero azkena argitaratu berri duten horietatik: Zea Maysek atera berri du, gauza bera Gatibuk eta Willis Drummond-ek, Sorkun eta Anari antzerako, ez da horren urrunekoa Niña Coyote eta Chico Tornadorenak ezta, ez edo Kaotiko moduko beste asko…

Ziur ordea Esne Beltza / Xabi Solanok zerbait aterako dutela, kolaborazio edota kanta solteren bat bada ere. Antzerako zerbait Ferminen kasuan. Akaso Hesian lan berri batean lanean hasiko dira, baina ez dago oso argi aurten kaleratuko ote duten.

Edonola ere, goiz da: gogoratu Euskal Herrian Durangoko Azoka gerturatzen denean agertzen direla lan gehienak

  1. Talde bereziak

Erdibidekoak sartuko ditugu hemen: jadanik berriak ezin kontsidera daitezkeen horiek, baina handiak edota guztiz kontsolidatuta ez daudenak. Bai, oso sailkapen arraroa da hau…

Oso disko berezia jaso beharko genuke aurten: Ekizaren zuzenekoa. Grabatuta du jada, hortaz azken ukituak ematen arituko da. Bere lehen diskoak denborarekin izugarri irabazten duen horietarikoa izanik, eta bere zuzenekoak duen xarma berezi horren argitan, gogo biziz espero dugun diskoa da hau.Ekiza - WD - Bonberenea

Honengandik gertu ibiliko da Joseba B. Lenoir. Musikari ipurterreak zerbait sortzearen alde apostu egingo genuke, bai bakarka zein beste talderen bati lotuta. Ikusiko. Akaso horrenbeste taldeen itzulerak Sexty Sexersekoak animatuko ditu…

Pertsonalki, Viva Bazooka bikotearen disko/EP berri bat ere espero dezaket, baina horren talde bitxia izanik, auskalo…

Badira beste zenbait talde beraien lekua bilatzen jarraituko dutenak, eta ziurrenik zerbait berria eskainiko dutenak aurten. Rural Zombies edota Libe modukoen kasua da. Espero lehen aipaturiko Estankonak ere kategoria honetara ematea saltoa laster, akaso bakarlariek azkenaldian jasotzen ari diren arreta guztia profitatuz. Haien esperoan!!

  1. Zuzenekoak

Jaialdiei dagokionean, bat nabarmendu behar besteen gainetik: Hatortxu Rock-ek 20 urte betetzen ditu… eta oso formatu bitxia dakar aurten. Talde handi asko, ezusteko nahikotxo, eta oso data polita izatearen itxura hartzen. Handien artean, badirudi LastTour-en bi ikonoek behera egin dutela zertxobait, bai BBKlive zein ARF-k bestetan baino kartel pobreagoa eskainiz; diru kontuak, nonbait. Ikusi behar bitartean ea Donostiako Kultur Kutxak bere goranzko bideari eusten dion.htx20_ss_1_fasea_web_kabezera-800x290

Guk, bitartean, gureei eutsiko diegu: ezin galdu 40 Minutu Rock edota EHZuzenean, Euskal Herriko jaialdi handia!

Eta ezin ahaztu, “bitxien” artean, Bidehuts-ek 10 urte betetzen dituela. Ziur ospakisuna ere bitxia izango dela. Zorionak, talde!

Atzerriko taldeei dagokionean, badirudi Guns’n’Roses-en Bilboko kontzertuak emango duela zeresana: musikalki ez bada ere, sarreren prezioarengatik gutxienez! Hala ere, zenbait talde jadanik gurean izan ditugu, hala nola Sum 41 (sekulako show bat eskainiz), edota laster helduko dira, Me First and the Gimmie Gimmies kasu.

Eta bertoko taldeei dagokionean, talde anitz ditugu biratzen une hauetan, beraz aprobetxatu! Kokein, Willis Drummond, Kaotiko, Huntza, Enkore… Aukera eder asko!

  1. Joera

Talde puntualetan erreparatu gabe, aurtengoan bi joera nagusi antzeman daitezkeela dirudi:

Argi dago revival moduko bat biziko dugula aurten. Pi.L.t, Kerobia ala Ekon moduko taldeak bueltan izango ditugu, eta ziurrenik ez dira azkenak izango: Piperrak-en hondarretatik ere talde berria dugu, esaterako. Zentzua du mugimendu honek: nolabait, iragan garaiak egunekoak baino hobeak direlaren sentsazioa izatea laket dugu batetik; bestetik, musika kontuetan dirua gastatzeko moduan gaudenok gero eta adintsuagoak gara, eta sarri beste garai batzuetako taldeetara egiten dugu… Ez dirudi ordea mugimendu hau diskoetan bihurtuko denik, zuzenekoetara mugatuko direla ematen du. (Bide batez, badakigu zenbait talde ia urtero “itzultzen” direla, Potato kasu: hauek ezin hemen sartu.)16107307_1301853119882462_3541183548981870345_o

Bestalde, zenbait hype fenomeno ere agertzen hasi dira gurean. Agerikoena, nire ustetan, Izarorena da: bere diskoa ez duen, entzun ez duen eta, zenbait kasutan, bere zuzeneko bakar bat ikusi ez duen zenbait pertsonari entzun diot “oso ona” dela esaten. Eta ez dut nik esango ona ez denik, ezta gutxiago ere, baina gurean ere gutxika bada ere hype fenomenoak agertzearen adierazgarri bat iruditzen zait. Gehiago izango ditugu aurten, ziur naiz. Hau ez da ona ez txarra: musika hedatzen den bitartean eta ateak zabaltzen dituen heinean, primeran!

Ziur ehundaka disko berri jasoko ditugula aurten Euskal Herritik, zenbait formatu fisikoan, eta baita soilik digitalean geratuko direnak, bai edo binilora arte helduko direnak ere. Ongi etorriak izango dira denak, eta gogo handiz esperoko ditugu! Eutsi!!