Blogaren artxiboa

Torii: zimur sendoak

Normalean nahiko motela naiz disko bat atsegin dudan ala ez esaterakoan: denbora behar izaten dut, hainbat entzunaldi, haren inguruan ganorazko zerbait esan ahal izateko. Oraingoan aipatu nahi dudan diskoak ez du salbuespenik ekarriko, noski, baina uste dut ez naizela sentsazio hori duen bakarra izango.20160718_202753

Diskoa, bide batez, Iparraldetik datorren Torii taldearen lehena da, izen bereko lanari dagokiona (edota agian izenik gabeko lana esan beharko nuke). Agian, 6 kanta soilik dituela ikusirik, maketa deitu beharko nuke diskoa baino; hala ere, gaur egun maketak egiten dira oraindik? Disko honen kalitatea ikusirik, nik behintzat ez nioke maketa goitizena jarriko baina, tira, hori beste kontu bat da. Gainera, aitortu behar aurretik beste EP bat kaleratua dutela.

Diskora itzuliz: lehen kanta biek Tool taldea ekarri didate burura; azken biek, zerbait gitarreroagoa, irekiagoa, arinagoa, Une moduko talde batetik gertuago dagoen zerbait. Ahots ilunak, hala ere, gaur egun bogan dagoen post etiketa erantziko die ziurrrenik: post-rock edota post-hardcore moduan katalogatzea erraza suerta daiteke.  Tarteko biek, trantsizioa. Gehiago entzuteko gogoa piztu dit, bi ertz horien artean zer dagoen ezagutzeko jakinmina. Momentuz, gitarra indartsu eta ahots berezi bat nagusitzen dira, soinu itxiak, ilunak, post-grunge moduko bat osatuz (post delako horrekin amaitu nuela uste nuen, baina ez).

[Entzuteko, hemen]

Entzunaldi hauek diote baita zuzenekoetan ondo funtziona dezakeela talde honek. Horretarako aukerarik ez dut izan oraindik, baina espero laster ailegatzea. Artifiziorik gabeko soinuek, sentimenez beteriko letrak, instrumentu potenteak… Eszenatokian ondo moldatzeko dena dutela dirudi.

Gomendioa: emaiozu aukera bat. Eta ez baduzu atsegin… emaiozu bigarren eta hirugarrengo bat. Ziur zure barnean hazten joango dela.

PD: nire ustez, estetika zertxobait gehiago zaindu zitekeen…

20160718_202730