Blogaren artxiboa

Zer espero dezakegu 2020an?

Hastear dugun urtean ezusteko asko etorriko diren arren, aldez aurretik espero ditzakegunei buruz arituko oraingoan.

Gurean urte bitxia izango dugu: azken urtean handitzen joan den bola ez dugu izango gure artean, eta Berri Txarrakek uzten duen hutsunea nork hartuko duen ikusi ahal izango dugu. Tamaina erdiko birak izango ditugu, Willis Drummond eta Zea Mays kasu, baina beste behingoz eszenaren muina areto txikietan mugituko dela dirudi. Agur estadio handiak betetzeari. Ziur Izarok aipatutako biek baino leku handiagoak beteko dituela, baina ez dirudi Lekunberriko hirukotearen tamaina hartuko duenik inork. Edota norbaitek hartuko badu, ez dago oso argi nor izan daitekeen.

Disko berrien artean Belakorena aipagarri: auskalo zer dakarten bizkaitarrek, baina orain arteko mailari eutsiz gero oso gauza ona izan daiteke. Zalegoak erantzungo al du? Hobeto esanda, euskal zalegoak erantzungo al du? Akaso beraiek izango dira eszenatoki handiak beteko dituztenak?

Beste zenbaitek urtea lanean emango dute ziurrenik, Olatz Salvador kasu, eta ziur Durangoko Azoka gerturatu ahala berriak helduko zaizkigula. Zer gertatuko da Izaki Gardenak modukoekin? Bidea egiteari eutsiko diote, ala Liberena moduko bakarkako proiektuak itzuliko dira? Hau, ere, ez dago oso argi.

Ikusi behar baita toki bat aurkitu nahian dabiltzan taldeek zer nolako bidea egiten duten: Skakeitan edota Dekot modukoen ordua iritsi da, edota haiek ahaztuko ditugu? Espero aspaldiko taldeen itzulerara jotzeko beharrik ez izatea… beste behingoz.

Edonola ere, badirudi “klase ertainaren” urtea izango dela. Nork egiten duen gora eta nork behera, agian 2020an erabakiko da.

Kanpotik datozkigun izen handiegirik ez dago momentuz Euskal Herrian. BBKlive-k berak ere kartel arraro samarra osatu du, mainstream-aren mugak arakatu eta gero. Hortik kanpo, badirudi erdibideko talderen bat heldu daitekeela baina izen handiegirik ez. Zerbaitegatik izango da.

Kanpotarren kasuan ere areto txikiagoek ekarri ditzakete harribitxiak, Agnes Obel Angleten jotzea bezalaxe. Argi distiratsuetatik urrun dabiltzan taldeek osatzen dituzte Kafe Antzoki, Santana 27, Dabadaba eta tankerakoen programazioak, askoren harridurarako. Tira, ez da Euskal Herria halakoak pairatzen dituen leku bakarra.

Gugandik kanpo izen handiak gerturatuko dira. Sortzen den galdera bitxia da: prezioek mugarik aurkituko ote dute urte honetan? Metallica, Guns’n’Roses edota Bon Jovik ezarritako errekorrek etenik izango al dute inoiz? Edota jada denak balio du? 1000 eurotara helduko al dira sarrerak aurten? Stubhub, viagogo eta antzerakoek gora jarraituko ote dute? Mugikor batengatik 1600 euro ordaintzea ohikotzat dakusan gizarte batean, dena da posible.

Artistei dagokionean, nire aldetik Lorde da gehien espero dudana. Zer ekarriko du gazte honen 3. lanak? Non mugituko da oraingoan? Hortik at, mugimendu berriak zirraragarriagoak suertatzen zaizkit dinosaurio handienak baino. Izen handien garaia pasa da entzule askorentzat, baina ez denontzat: aurten My Chemical Romance modukoak itzuliko dira, eta ziur ez direla bakarrak izango. Bitxia: oraindik gazteak ematen duten taldeak, jada bueltatzeko beharrean. Beste batzuk, inoiz joan ez ziren arren, beraien ingurutik aspaldi irten gabe zebiltzan, ARFera etorriko den Incubus kasu.

Tira: denontzako lekua egongo da. Bai musikarentzat, eta baita negozioarentzat ere bai. Norberak aukera dezala.

2018ko 12 kontzerturik onenak

Horrenbeste kontzertu on egon dira 20118an, eta horren zaila da denetara joatea… Guk ikusitakoen artetik, aukeraketa bat egingo. Ez da 1 hilabeteko… baina ia.

  1. Willis Drummond, Doka. Urtarrilak 4.

Urtea gogor hasi zen Joseba B. Lenoirren agurra izango zenarekin. Dokako giro ezinobeak Bilboko Antzokikoa edota Urrian grabatutakoa baino hobeago bilakatu zuten kontzertu hau. 2 ordutako setlist-a labur geratu zitzaigun…

  1. Belako, Euskalduna. Otsailak 24

Disko berriaren aurkezpen eguna. Kanta asko ez genituen ezagutzen oraindik, eszenatokian agertzeko modu berriari moldatzear zeuden taldekideak eta leku arraro bezain ezberdina zen Euskaldunaren Hall hori. Berdin zioen: sekulakoa izan zen! Nagusi zein gazte, hipster zein punki, mundu guztia pozik utzi zuen taldeak

3. Grises, Dabadaba. Martxoa 16

Jaialditan agertzen da askotan talde hau, baina areto txikietan askoz hobeto moldatzen dela esango genuke. Gauza bera pentsatu zuen Zestoa ingurutik peregrinazioa egin zuten jendetzak. Gau beroa izan zen!

      1. Berri Txarrak, BEC! Martxoak 17

Areto handien lagun ez garela diogu sarri, baina talde onek ahoa ixten digute behin eta berriz. Hirukoteak (une batzuetan seikote bilakatu zena) BEC erraldoia txiki geratzea lortu zuen. Soinua, ezinobea. Jarrera, ezinobeagoa. Musika, askoz ezinobeagoa. Pena bakarra: DVD edota Youtube-n ez dutela argitaratu. Aizue, Netflix eta tankerakoak, hurrengoan biziago ibili!!

 

      1. Reuben RG, La Cripta. Maiatzak 18

Egia aitortuko: Empty Files ikustea zen egun honetako plana, eta bilbotarrek ondo baino hobeto bete zuten beraien lana. Ezezaguna zitzaidan boskote honek ordea, Reuben RG delakoak, bere pop elektronikoaz oso soinu polita lortu zuen lurrazpiko aretoan. Diskoan baino askoz hobea, esango nuke! Agian espero ez nuelako-edo, oso oroitzapen politak utzi zizkidan taldeak.

      1. Lorde, Primavera Sound. Ekainak 2.

Jaialdi “handien” sasoia aurten Euskal Herritik kanpo hasi genuen. Artic Monkeys edota Björk bezalakoak kartelburu zituen topaketa historikoan, zelanda berriko bakarlariak bere tokia eskatu zuen eszena mundialean. Oso zaila den zerbait lortu zuen: show polit eta erraldoia bezala pentsatutakoa, tarteka intimoa eta gertukoa bilakatzea.

  1. Amorante, Zumaia. Ekainak 15.

Amorante tipo bitxia da, bai musikari zein musika hori aurkezteko erari dagokionean, eta are leku bitxiagoa aukeratu zuen kontzertua eskaintzeko: Zumaiako San Telmo baseliza. Turisten Meka bilakatu den toki hori bestelako soinuz bete zuen bakarlariak, eta oroitzeko moduko emanaldia eskaini zuen. Bere kantu askok zentzua irabazi zuten halako eszenatokian.

 

            1. Pearl Jam, Bartzelona. Uztailak 10.

        Berriz ere Katalunia aldera egin behar, oraingoan musikaren dinosaurio hauen azken ikuskizuna entzutera. Eta, beste behingoz ere, merezi izan zuen. Ia 3 ordutako emanaldia, aparteko argi, eztanda, dekoratu eta bestelakoen laguntzaren behar gabe. Musika onak ez du besterik behar!

            1. Eels, MadCool. Uztailak 13.

        Beste jaialdi erraldoi bat. Antolakuntza arazoek berriak bete zituzten eta jende askok barnean entzun zitekeen musika ahaztu egin zuen, baina aparteko taldeak egon ziren. Hauen artean Mr. E-ren taldea aipatu behar: soinu alai eta azkarra aukeratu zuen oraingoan bere kantetarako, country ukitu batez jantzi hauek. Sekula ez dakizu zer espero dezakezu tipo honen kontzertu batean, eta oraingoan aurkitu genuena oso atsegin izan genuen!

            1. Inor ez da ilegala jaialdia, Donostia. Irailak 13.

        Berriz ere Dokara bueltan. Iker Laurobak antolatutako jaialdi solidario honek sekulako momentu ederrak utzi zituen musikari dagokionean (bestelakoetan ere, baina horretara mugatuko, ados?). Olatz Salvadorren ilusiotik hasi, Izaro eta lagunen gertutasunera pasaz, Anariren emozioa, Zea Maysen indarra edota Gorka Urbizuren handitasunera helduz… Iker beraren doinu goxoak ahaztu gabe noski! Bost ordu gehiago iraun izan balitu ere, denok pozik.

            1. Gaztezulo jaialdia, Bilboko Kafe Antzokia. Azaroak 25

        Igande arratsaldeko kontzertuetan sekula ez dakizu zer espero dezakezun, ez taldearen ez zalegoaren aldetik ere. Horrenbeste talde egonda, are gutxiago. Ba ondo baino hobeto kunplitu zuten denek! Ederrak Bandini eta Jon Basaguren, indartsu Liher, handi Zea Mays, bizi-biziak Xabi Solano eta DJ DZ. Bakoitzak bospasei kanta gehiago jo izan balitu, poz-pozik gu (tira, astelehen goizean altxatzeko ez horrenbeste!)

            1. Belako, Mungia. Abenduak 28

        Ondarruko Beikozinin ederra prestatu zuten igande gauean, baina Home Show moduko hau oso berezia izan zen. Mungiako musika eszena eder eta oparoa aldarrikatu eta gero (zenbat talde ON daude Mungian?!?), kontzertu sendoa eskaini zuen laukoteak, urte luze baten azken aurreko kontzertua izango zuten honetan. Oraingoan estilorik punkena atera, eta otsailetik jasandako eboluzioa oso bide onetik doala argi utzi zuten.

2018ko disko (luze) onenak

Aurreko urtetan Euskal Herriko eta atzerriko diskoen arteko bereizketa egin dugu, baina horri amaiera emateko ordua heldu da: Euskal Herriko musika hemendik kanpo egiten denaren parekoa (edo hobea!) denez, banaketak zentzu askorik ez zuen, egia esan…

3 diskorik onenak aukeratuko. Gutxigatik, baina zerrendatxo honetan ez dira sartu Liher, Olatz Salvador, Baobabs will destroy your planet, Telmo Trenor edota Muse modukoak; ziur pertsona asko ez direla ados egongo horrekin, baina aukeratu behar!!

Besterik gabe, hemen doa aurtengo top 3a!

3. Izaki gardenak, Dena oskol.

Disko goxo eta polita, zinez. Entzunaldi bakoitzarekin atseginagoa bilakatzen den lan xumea, zarata gehiegi egin gabe heldu zaiguna baina luzaroan gertu gordetzeko modukoa. Melodia landuak, produkzio oso polita, pop ederra folk ukituren batek apaindua, soinu ezinobea eta irrati-zerrendetan goian agertzeko single bat ezkutatzen dute 7 kanta hauek. Onartu behar dut hasieran ez zidala apartekorik esan, baina azkenaldian etengabean entzun dudan lana.

2. Mike Shinoda, Post-traumatic.

2018. urtean 16 kantuz osaturiko disko gutxi aurkituko zenituzten, eta are gutxiago 16 kantu on gordetzen duen diskorik. Bere lagun eta taldekide izandako Chester Benington-en heriotza eta gero sentitu, bizi eta pentsatutakoak agertzen dizkigu Mike-k lan honetan, mota guztietako kantak sortuz, baina gehienbat hip hop, pop eta rock-aren arteko marra horretan mugituz. Mina azaleratzeko duen modua dela esan du hainbatetan eta, egia esan, bertan azaltzen dituenak eta gero senide bat bailitzan sentitzen dut Estatu Batuarra.

1. Belako, Render me numb, trivial violence.

2017an atera behar zuen lan honek baina otsailean ezagutu genuen. Itxaroteak merezi izan duela baino ezin dezakegu esan: hau bai lan puxka!! Erreferentziaz beteriko kantuek soinu bakana sortzen dute, etiketatu ezina, berria eta freskoa bezain klasikoa. Mugikorrarekin grabatutako kantuek produkzio landuei uzten diete bide, single boteretsuak kantu “esperimentalekin” aurrez aurre daude, erritmo dantzagarriak doinu gogorrekin nahasten dira zenbaitetan eta intimistekin bestetan. Ikaragarria. Mundu mailan hau hobetuko duenik ez dago (noski, iritzia baino ez!)