Blogaren artxiboa

The Tin Tings: lapurrak

Ia edozer musika atsegin dezaket, eta entzun ere ia edozer entzuten dut. Are gehiago zuzenekoan baldin bada. Baina Tin Tings delako “talde” honena ez.

tin tingsEgia da baita bi pertsonez osaturiko taldeak oso atsegin ditudala (White Strypes edota NiƱa Coyote eta Chico tornado kasu). Baina hau ez da talde bat. Ez da gauza bera zure kontzertua jai bat bilakatzea edota zure kontzertua eta musika ahaztea buruan jai bat duzulako. Ez da gauza bera jotzen duzun bitartean ondo pasatzea edota ondo pasatzea eta musikaz paso egitea. Eta dena aldez aurretik prestatuta baldin baduzu, okerrago. Bikote hau hirukote moduan agertu zitzaigun beste behingoz: DJ bat gehitzen diote euren saioari. Eta kontzertuaren %80an, DJ hau izan zen bakardadean jotzen aritu zen.

Kontzertua espero bezala hasi zen: soinu sinple eta dantzagarriak, ondo pasatzeko gogo anitz, eta mugitzeko asmoz beteriko musikari bi (edo 3). Abeslariak laster utzi zien itxurakeriei: kantu pare bat gitarra eskutan pasa zituen, hura jotzeko asmotan, baina laster hura utzi zuen. Aurrerantzean, zenbaitetan bateria-joleak jotzen zuen gitarra (?!? Orduan zertarako du abeslariak gitarra?) eta bestetan inork ez zuen jotzen… eta berdin-berdin entzuten zen!!!!the tin tings

Abeslariak bonbo bat jotzeari ekin zion orduan. Halako batean, hau lurrera bota zuen… eta berdin-berdin entzuten zen!!!

Bateriak gitarra hartu zuen bigarrengo aldian loop bat grabatu zuen (bai, han, momentuan), eta loop harekin jarraitu zioten kantuari. Neskak gitarra jo? Zertarako?!? Noski, bateriak ere bere lekua laster utzi zuen eta DJarekin jarri zen sarri, edota bere mugikorrarekin argazkiak ateratzeari ekin zion.

Abeslariak abestu egiten zuen bitartean bai (tira, ez beti, hau ere DJaren mahaira joan zen eta)… baina grabatutako ahots pila agertzen ziren edonondik!!!

Bai, karaoke bat edo playback batetik gertuago zegoen hura beste ezerengandik baino.

Jendeak dantza egin zuen, noski. Ondo pasatzera goaz denok festibaletara: ia edozeren aurrean egin dezakezu dantza. Baina musika jaialdi bat da hau, eta musika jotzen ikustea ere gustuko dugu. CD bat entzuteko eta haren erritmora mugitzen den abeslari bat ikusteko ez duzu jaialdi batera joateko beharrik.

Euskera eta gaztelaniera nahasten zituen testu bat irakurri zuen abeslariak, bai, baina musika entzuteko geunden han, ez halakoetarako. Onartu behar dut bai nahiko testu polita izan zela, eta nahiko ondo irakurri zuela: kontzertu hasieran drogek gainezka egingo zietela pentsatu nuen, eta hortaz irakurtzeko gai izango zirela ezin asmatu!

Tin Tings delako hauek ez zuten musika jo. Dirua lapurtu baino ez.