Blogaren artxiboa

How the music got free

Nire nota: 8

Musikak interneten izan duen ibilbidea ezagutu nahi baduzu, hau da zure liburua. Napster, Kazaa edo Bittorrent erabili izan badituzu, hau da zure liburua. Musika Youtube-n, Spotify-n edota Apple Music-en entzun izan baduzu, hau da zure liburua. iPod bat edota CDak grabatzeko traste bat izan baduzu, hau da zure liburua. Eta diskoak erosi badituzu, ere bai.

Denetarik eta denontzako du liburu honek. Honek azalduko du zer den eta nola sortu zen mp3a (eta baita mp2a, acc eta halako beste hainbeste). Mp3ak suposatzen duen gezurra baita. Nork eta zelan pirateatzen duen. Nork eta zer irabazten duen. Kontratuak eta portzentaiak. Kontzertuak, merchandising-a eta diskoak berauek. Polizia eta legedi kontuak. Dena, hemen dago.

Eta onena, modu arin eta entretenigarri batean kontatua. Tira, lehen atala izan ezin, psikoakustika kontuak astun samar gerta daitezke: lehen kapituloa gainditzea lortuz gero, dena joango da maldan behera! Izatez, lehen atal horrengatik jarri diot 9 eta ez 10..

Adibide ugariek irakurketa erakargarriagoa bilakatzen dute: Bon Jovi, Kanie West, Eminem, Dr Dre, Gloria Estefan, Limp Bizkit… Denontzako dago! PoliGram, Universal, Apple, Sony, the Pirate Bay (eta The Pirate Party) Philips edota XXXek historioan izandako garrantzia ere hemen dago. Aipagarria, nire aldetik, rap eta hiphoparen eragina musikaren ekonomian: ez nekien horrenbeste diru mugitzen zutenik. Ziur gutariko bakoitzak alderdi ezberdinak ezagutu ditzakeela liburu honetan.

Agian hala izango da: irakurle orok alderdi ezberdinak izango ditu ezezagun. Nire partetik, liburu hau irakurri eta gero hiru galdera geratu zaizkit buruan bueltaka:
1.     Musika horren gustuko dudala kontutan harturik, nolatan da posible orain arte Doug Morris eta Dell Glover nortzuk ziren ez jakitea?!? Izena ezaguna ere ez zitzaidan gertatzen!!
2.     Euskal talderen bat egongo ote zen OiNK-en?!?
3.     Zergatik ez nuen inoiz OiNK horretarako gonbidapenik jaso? 🙂

Esandakoa, musika atsegin baduzu, galdu beharko ez zenukeen liburua. Pirateria legezkoa den ala ez, edota bidezkoa den ala ez erabakitzea, eta baita harekin nork irabazten duen aurkitzea, zuen esku.

Ingelesezko bertsioa Penguin-ek argitaratu du aurten. Gaztelaniera eta euskarazko bertsioek itxaron beharko dute…

Onena: Historia (eta ez istorioa) detailez betea dagoen arren, interesa mantentzen laguntzen duten xelebrekeriak baino ez dira. Eleberri bat bailitzan idatzia egotea.

Txarrena: lehen atala teknikoegia gerta daiteke, eta Spotify-ren agerpena eta gerokoez ezer gutxi aipatzen du.