Blogaren artxiboa

Zazkel: zaharrak berri, eta bazen garaia

Talde berriei buruz idaztea izugarri atsegin dut, eta talde hauek ezberdinak badira, are gogo gehiagorekin egiten dut. Baldintza biak betetzen ditu Zazkel taldeak, beraz atsegin handiz idatzitako posta duzu hau (batzuk horren berria ez dela esango dute… baina gutariko gehienontzat badela onartu behar).

Eta hala ere, ez naiz asko luzatuko: halakoetan, hobe da musikak hitz egin dezala. Baina kontu pare bat aipatuko ditut talde honen musikaren inguruan. Nondik hasi? Oinarrietatik. Eta oinarria estiloan dago.zazkel

Estiloa: zein da Zazkel taldearen musika? Itoitz eta Skalariak taldeen artean kokatzen da Bilboko seikotea… baina oso bestelako doinuak ere antzematen dira diskoan. Nik Madness usaindu dut hor nonbaiten, eta irletako beste zenbait erreferentzia, baina ziur naiz bakoitzak beste aunitz aurki ditzakeela: taldekideek, esaterako, pop erradikala jorratzen dutela diote. Ukitu argia uzten du, hori bai, Kaki Arkarazoren produkzioak!

Itoitz aipatzen dut darabilten instrumentuengatik, beste hamarkada bateko soinuak baitakirzkidate burura. Teklatuen presentzia nabarmena da taldean batez ere, eta agian horrek bultzatu nau konparaketa hori egitera.

Baina Skalariak aipatu dut, Itoitzengandik urrun dagoen erreferentzia. Kontua da talde honek doinu alaiak, itsaskorrak aurkezten dizkigula, eibartarrek ez bezala. Dantzagarriak baita, baina kontuz: dantzagarriak EZĀ  du esan nahi musika elektronikoa, edota patxangak, ez edo berbenak!!

Alaia da musika, eta erritmoa du, eta kutsakorrak dira melodiak bai, baina mezu bat ere gordetzen dute: esateko asko ezkutatzen dituzte beraien gogoek. Gezurrik ez dizuet esango: azken aspaldi luze batean entzun dudan musika alairik gustukoena dut hau. Bada zerbait. Izatez, asko da, azkenaldian oso bestelako musika heltzen baizagu leku guztietatik, doinu ilunagoak, indie behartuak, edota zalegoen gustuetatik nahita ihes egiten dutenen soinuak baino ez. Ez da Zazkelen kasua.

Emaiozue aukera bat. Nik, bitartean, zuzenekoren batean emango diot, eta hemendik kontatuko!