Blogaren artxiboa

2017ko kontzerturik onenak

Atal honetan 2017 urtean Euskal Herriko taldeen kontzerturik onenak edota atzerriko taldeek Euskal Herrian emandako kontzerturik onenen zerrenda agertu nahi dut… gutxi gora behera. Hiru berezitasun ditu zerrendak:

1. Beti bezala, nik ikusitakoen artean bakarrik epaitu dezaket. Ezinezkoa izan zaidanetan (sarrerak agortuta, denborarik ez, edota auskalo zergatik), ezin iritzirik bota.

2. Nahi dudanean, nire arau propioak apurtu ditzaket. Horretarako idazten dut nik! 🙂

3. Hiru kontzerturik onenak aukeratu beharrean, hilabete bakoitzeko kontzertu bat aukeratzea erabaki dut. Horrela ezin leporatu 3 gutxi direnik…

Hor doa zerrenda!

1.     Urtarrila.
Bilboko Santana 27 lokala ia erori egin zen Sum 41 Kanadiarrekin. Askok hasieretako skate-punkagatik oroituko dituzten arren, eboluzio ederra jasan du taldeak eta kanta bikainez beteriko saioa eskaini zuten. Zalegoak lagundu egin zuen, eta Deryck abeslariak eszenako frontman onenetarikoa dela erakutsi zuen. Egia da Euskal Herria talde onez josia dugula, baina egia da baita zenbaitetan atzerrikoengandik ikasteko asko ditugula!
Hilabete honetan Kokein edota Willis Drummond modukoen birak aurrera jarraitu zuen, Cobrak kontzertuak eskain zituen han hemenka, Belakok bere biraren amaiera bizi izan zuen, baina lehen hilabetean atzerritar hauek irten ziren garaile!

2.     Otsaila
Aitor Gorosabel (Sutagar) izan zuen protagonista bigarren hilabete honek. Taldeak antzerkietan jotzen dabilen bitartean, abeslariak bakarka ausartu zen Zarautzeko Garoa liburudendan. Eta sekulako saioa eskaini zuen! Egia da baita leku eta formato honen xarmak gauzak errazten dizkiola ikusleari, baina ez ordea musikariari, eta ondo baino hobeto egin zuen Aitorrek.
Hilabete honetan 40 Minutu Rock eta Me First and the Gimme Gimmes moduko ekitaldiak ere izan genituen arren, bertakoak garaile!

3.     Martxoa.
Erraza zatekeen Martxoan Berri Txarrak edota Anari modukoen biren amaierak aipatzea, baina a) ez nituen azken kontzertuak ikusi, eta b) beste saio itzel bat agertu zen.
Erdi-euskalduna den arren, Euskal Herritik gehiegi ez dabilen taldea aipatu behar Martxoan: Neighbor. Ondarruko Ranpin eskainitakoa intimista izan zen oso, baina ezberdina bezain ona! Egia esan, sekulako txokoa da Ondarrukoa kontzertuetarako: edozein kontzerturi giro bikaina gehitzen dio ranpiko lokalak. Neighbor ikusteko hurrengo aukera ekainan dator: ez galdu!!

4.     Apirila.
Andoaingo Gaztetxeak bere itxurarik onenak agertu zituen igande arratsalde batean, eta Ekizak aspaldian ikusi diodan kontzerturik… goxoena? unkigarriena? konpletuena? eskaini zuen. Lekua, jendea, eguna… hainbat planeta bateratu ziren nonbait saio izugarri polita sor zedin. Halako igande gauek merezi dute, eta asko gainera!!

5. Maiatza.

Berri Txarrakek gaztetxeetara egin zuen berriz, eta ziur nago sekulakoa izan zela… baina ez nintzen bertan egon. Izarok Donostiko Tabakalera txiki utzi zuen. El Corazón de Sapo itzuli zitzaigun. Tentagarria oso MusikaZuzenean ekintzaren urteroko jaialdia aukeratzea, eta ikaragarri polita izan baitzen. Baina, guzti horren gainetik…

Pi.L.t itzuli zen hilabete honetan. Bilboko kontzertua denbora luzean oroitzeko modukoa izan zen; aspaldi ez nuela Bilboko Antzokia horrela ikusten. Bonbereneakoa ere gozatzeko aukera izan nuen eta, askoz lasaiago eta erosoago ikusten zitzaien arren, Bilboko horrekin geratuko. Euren azkenak izango ez izateko esperoan…

Honekin aretoetako kontzertu sasoiaren amaiera heltzen da (ez guztiena, noski!) eta herrietako jaietakoak eta jaialdien denboraldia hasten da. Ea zer dakarkiguten hurrengo hilabeteek! Entzuteko irrikan!!

6. Ekaina.
Ez nuen euskal talde bakar baten kontzerturik ikusi hilabete honetan! Ezta EHra gerturatu zen atzerritarrenik ezta. Euskal Herritik kanpo nahikoa musika ikusi nuen ordea: bertokoa izugarri atsegin dudan neurri berean, kanpotarrak ere baloratu behar. Aipagarria Eddie Vedder-ek Londonen emandako saioak, baina gerora berriak beteko zituen bat aukeratuko dut: Linkin Park Madrileko Download jaialdian. Oso laburra izan arren, eta behinolako estilotik oso urrun, talde honek sekula ez du kale egiten. Chester faltan botako dut.

7. Uztaila.
Jaialdiekin jarraituko, eta Madrilen beste behin. EHZ bertan behera geratu zen hilabetea izan genuen honetan, Belakok Madrileko Madcool-ean emandako saioa hautatuko. Euskara Madrilen entzun zen, eta Kings of Leon modukoen soinuak ezerean utzi zuen laukoteak (ordu berdinean jotzen zuten): sekulako kontzertua eskaini zuten. Bitxia zeinen ondo moldatu ziren horrelako leku handi batean!

8. Abuztua.
Jai garaia dugu abuztua, eta jaietan kontzertu asko ikusteko aukera. Jaietakoak ez dira munduko onenak izaten, egia esan, baina Bilbon Yellow Big Machinek ederra eskaini zuen!! Taldea gustora, zaleak bero, eta ezusteko gonbidatu bat agertu zen Give me fire kantan: Belako taldeko Cris. Jarraitzaileen artean mezuak zeramatzaten pankartak eta guzti ikusi ahal izan ziren…

9. Iraila.
Willis Drummond laukotea Bizkaia aldean gustura ibili omen da uda partean eta hilabete honetan bi saio bikain eta oso ezberdin eskaini zizkigun: distortsioz beterikoa Sopelan, rockeroagoa Iurretan. Aukeran, bigarrena hautatuko: borobilagoa, osatuagoa, eta hotzik ez dut oroitzen: Iurreta berotzea lortu zuten!

10. Urria.

Eserita ikusitako bi kontzertuen artean zalantzatan nabil:
Neighborrek Euskal Herria bisitatu zuen beste behingoz, eta beti bezain dotore ekarri zuen bere musika. Hala ere, Portuko Ranpiko kontzertua horren polita izanik, konparaketan Donostikoak galdu egiten du (cat eta cut ezberdinak direla azaldu ziguten arren).

Berrizen Anarik (talde eta guzti) eskaini zuen soinu eder eta atmosfera aparta aukeratuko dut. Leku paregabea Berrizekoa musika entzuteko (zorionak bertako taldeari beti lotzen duten programazio ederragatik!) eta, gaztetxe eta tankerakoetan entzutera ohituta egonik, izugarri polita iruditu zitzaidan argien erabilera, mezuak, bandarekiko interakzioa… Agian igandea ez izateak zerikusia izango zuen? (Anarik igandetan sarri jotzen du-eta)

11. Azaroa.
Azaroak doinu lasaiak dakartza burura (Ekizak Bonberenean eskainitakoak adibide), baina oraingoan aukeraketak beste ildo bat jarraituko du: kontzerturik onena Kaotiko taldeak Andoinen eskainitakoa iruditu zitzaidan, zalantza izpirik gabe.

Arabarrek Andoaingo gaztetxea sutan jarri zuten hilabete honetan. Taldearen zuzenekoak ikaragarriak izan ohi dira beti, eta horri primerako lekua gehituz gero (eta eguna: 20. urteurren ospaketetan zebiltzan gaztetxekoak), oroitu ditzakedan kontzerturik onenetarikoa eskaini ziguten. Belarrietan oraindik piiiiiiii entzun dezaket…

12. Abendua.
Kontzertua ez eta kontzertuak aukeratuko ditut hilabete honetarako: Durangoko Azokaren programazio osoa iruditu zait hilabeteko gauzarik onena. Eta ez dut esaten goizean goiz Berri Txarrak ikusteko altxa zen jendearengatik, baizik eta ehundaka beste kontzertu txiki horiengatik. Plateruenaren apostua ere aipatzekoa: asteartekoa, adibidez, arriskutsua izan zen baina ondo samar irten zen.

Eta honekin amaitu da zuzenekoen urte musikala. 2018a kontzertu handiz betea datorrela dirudi, beraz adi egongo horietara!

 

Musikalki, zer espero dezakegu 2017an Euskal Herrian?

2017a hemen dugu, eta honek ekarriko duen musikaren zain gaude. Zer da gogo biziz espero duguna?

Norbanako bakoitzak bere zaletasunak izango ditu, beraz agian “zure” taldeak ez dira hemen agertuko. Hala ere, 2017rako espero ditzakegun zenbaiten zerrenda dakarkigu hemen. Zuk bestelakoak espero badituzu, egin zurea… eta jakinarazi iezaguzu! 😉

  1. Talde berriak

Talde berri esanguratsuenen artean, gogo gehien sortzen dituena eta aurten espero dezakeguna Dekot taldearen lehen lan luzea izan daiteke esanguratsuena. Aurkezpen EP bat eta gero (lehen maketa esaten zitzaion hori), langa oso goian jarri dute eta ikusmin nahikotxo sortu dute. Ikusiko dugu… espero. 0007047716_10

Mugimendu berriak finkatzen joatea ere espero dut. Empty files taldearen kasua jarriko dut adibide gisa: gutxika eta etengabean, beraien musika “ezberdina” hedatuz joatea eta leku berrietara heltzea espero dezakegu. Agian, gainera, “disko” berria izango dute aurten. Beste hainbat talde txiki ere bueltan eta euren bidea zabaltzen jarraitzea espero dugu, hala nola Haxotz edota Estankona; agian ez dira horren berriak jadanik, baina argi dago ibilbide luzea izan dezaketela aurretik.

Gauza bera esan dezakegu Altxatu talde gazteari buruz: disko berria laster izan beharko lukete, eta horrek esango digu nora heldu daitekeen talde hau…

  1. EHko talde “handiak”

Gure “big guns”-ei buruz hitz egin behar baita, sarri berriak bereganatzen dituzten horiei buruz. Ez dira hobeak ez txarragoak, baina nolabaiteko status batera heldu dira jada.

Eta hala ere, mugimendu gutxi aurreikusi daiteke arlo honetan hasi berria den urtean…

Ez dago oso argi Berri Txarrakek aurten lan berria argitaratuko ote duen ala ez. Antza, duela urtebete zalantza izan zuten: disko berria prestatu ala jotzen jarraitu? Bigarrena aukeratu eta gero, aurten ere albo-proiektuetan aurrera egingo dutela dirudi. Agian zerbait prestatzen hasiko dira, baina ez dirudi aurten lan luze berri bat ekarriko dutenik. Nahiz eta ezin ziur esan… Ez dirudi ezta EPen moda horretara lotu daitekeen taldea izan daitekeenik
Belako - Kultur Kutxa 2016
Belakorengandik zerbait espero dezakegu ostera. EP ala disko osoa, ez dago oso argi. Baina Hamen bira amaitu eta gero (nahiz eta, gaur egun, bira kontzeptua ez dagoen oso argi; jotzen jarraituko dute, behintzat), beraien hurrengo urratsak zeintzuk izango diren ez dago erabakita. Ziurrenik, besterik ezean, kanta berriak prestatzen hasiko direla laster; argitaratu ala ez, beste kontu bat da… Berri Txarrakekin gertatu bezala, posible da baita 2017 goizegi izatea.

Sutagar beraien bira ezberdin horretan murgilduta jarraituko dute (baietz zuzeneko diskoa atera?). Ezin disko berririk espero azkena argitaratu berri duten horietatik: Zea Maysek atera berri du, gauza bera Gatibuk eta Willis Drummond-ek, Sorkun eta Anari antzerako, ez da horren urrunekoa Niña Coyote eta Chico Tornadorenak ezta, ez edo Kaotiko moduko beste asko…

Ziur ordea Esne Beltza / Xabi Solanok zerbait aterako dutela, kolaborazio edota kanta solteren bat bada ere. Antzerako zerbait Ferminen kasuan. Akaso Hesian lan berri batean lanean hasiko dira, baina ez dago oso argi aurten kaleratuko ote duten.

Edonola ere, goiz da: gogoratu Euskal Herrian Durangoko Azoka gerturatzen denean agertzen direla lan gehienak

  1. Talde bereziak

Erdibidekoak sartuko ditugu hemen: jadanik berriak ezin kontsidera daitezkeen horiek, baina handiak edota guztiz kontsolidatuta ez daudenak. Bai, oso sailkapen arraroa da hau…

Oso disko berezia jaso beharko genuke aurten: Ekizaren zuzenekoa. Grabatuta du jada, hortaz azken ukituak ematen arituko da. Bere lehen diskoak denborarekin izugarri irabazten duen horietarikoa izanik, eta bere zuzenekoak duen xarma berezi horren argitan, gogo biziz espero dugun diskoa da hau.Ekiza - WD - Bonberenea

Honengandik gertu ibiliko da Joseba B. Lenoir. Musikari ipurterreak zerbait sortzearen alde apostu egingo genuke, bai bakarka zein beste talderen bati lotuta. Ikusiko. Akaso horrenbeste taldeen itzulerak Sexty Sexersekoak animatuko ditu…

Pertsonalki, Viva Bazooka bikotearen disko/EP berri bat ere espero dezaket, baina horren talde bitxia izanik, auskalo…

Badira beste zenbait talde beraien lekua bilatzen jarraituko dutenak, eta ziurrenik zerbait berria eskainiko dutenak aurten. Rural Zombies edota Libe modukoen kasua da. Espero lehen aipaturiko Estankonak ere kategoria honetara ematea saltoa laster, akaso bakarlariek azkenaldian jasotzen ari diren arreta guztia profitatuz. Haien esperoan!!

  1. Zuzenekoak

Jaialdiei dagokionean, bat nabarmendu behar besteen gainetik: Hatortxu Rock-ek 20 urte betetzen ditu… eta oso formatu bitxia dakar aurten. Talde handi asko, ezusteko nahikotxo, eta oso data polita izatearen itxura hartzen. Handien artean, badirudi LastTour-en bi ikonoek behera egin dutela zertxobait, bai BBKlive zein ARF-k bestetan baino kartel pobreagoa eskainiz; diru kontuak, nonbait. Ikusi behar bitartean ea Donostiako Kultur Kutxak bere goranzko bideari eusten dion.htx20_ss_1_fasea_web_kabezera-800x290

Guk, bitartean, gureei eutsiko diegu: ezin galdu 40 Minutu Rock edota EHZuzenean, Euskal Herriko jaialdi handia!

Eta ezin ahaztu, “bitxien” artean, Bidehuts-ek 10 urte betetzen dituela. Ziur ospakisuna ere bitxia izango dela. Zorionak, talde!

Atzerriko taldeei dagokionean, badirudi Guns’n’Roses-en Bilboko kontzertuak emango duela zeresana: musikalki ez bada ere, sarreren prezioarengatik gutxienez! Hala ere, zenbait talde jadanik gurean izan ditugu, hala nola Sum 41 (sekulako show bat eskainiz), edota laster helduko dira, Me First and the Gimmie Gimmies kasu.

Eta bertoko taldeei dagokionean, talde anitz ditugu biratzen une hauetan, beraz aprobetxatu! Kokein, Willis Drummond, Kaotiko, Huntza, Enkore… Aukera eder asko!

  1. Joera

Talde puntualetan erreparatu gabe, aurtengoan bi joera nagusi antzeman daitezkeela dirudi:

Argi dago revival moduko bat biziko dugula aurten. Pi.L.t, Kerobia ala Ekon moduko taldeak bueltan izango ditugu, eta ziurrenik ez dira azkenak izango: Piperrak-en hondarretatik ere talde berria dugu, esaterako. Zentzua du mugimendu honek: nolabait, iragan garaiak egunekoak baino hobeak direlaren sentsazioa izatea laket dugu batetik; bestetik, musika kontuetan dirua gastatzeko moduan gaudenok gero eta adintsuagoak gara, eta sarri beste garai batzuetako taldeetara egiten dugu… Ez dirudi ordea mugimendu hau diskoetan bihurtuko denik, zuzenekoetara mugatuko direla ematen du. (Bide batez, badakigu zenbait talde ia urtero “itzultzen” direla, Potato kasu: hauek ezin hemen sartu.)16107307_1301853119882462_3541183548981870345_o

Bestalde, zenbait hype fenomeno ere agertzen hasi dira gurean. Agerikoena, nire ustetan, Izarorena da: bere diskoa ez duen, entzun ez duen eta, zenbait kasutan, bere zuzeneko bakar bat ikusi ez duen zenbait pertsonari entzun diot “oso ona” dela esaten. Eta ez dut nik esango ona ez denik, ezta gutxiago ere, baina gurean ere gutxika bada ere hype fenomenoak agertzearen adierazgarri bat iruditzen zait. Gehiago izango ditugu aurten, ziur naiz. Hau ez da ona ez txarra: musika hedatzen den bitartean eta ateak zabaltzen dituen heinean, primeran!

Ziur ehundaka disko berri jasoko ditugula aurten Euskal Herritik, zenbait formatu fisikoan, eta baita soilik digitalean geratuko direnak, bai edo binilora arte helduko direnak ere. Ongi etorriak izango dira denak, eta gogo handiz esperoko ditugu! Eutsi!!