Berri Txarrak #DDPB I, II, III eta IV

Zaila da Berri Txarraken kontzertu batera joatea eta zer espero dezakezun jakitea. Are gutxiago lau egun errenkadan joanez gero. Baina hori egin genuen guk (lau kontzertutara joan, ez espero genuena jakitearena). Bira berriko lehen hitzorduak Donostian ziren eta Intxaurrondora gerturatu ginen lau egunez. Inguruko tabernetakoak pozik izango dira gurekin.

2015-01-11 22.01.16Zaila da baita taldeak taula gainean igarotako 8 orduetan gertatutakoak laburtzea. Beharrik ere ez dago, ziurrenik. Beraz kontzertu horietako zenbait alderdi soilik aipatuko ditugu. Guk ez ahazteko, eta merezi duelako.

Ez hartu hau datozen kontzertuetan espero dezakezuena ezagutzeko gidatzat, ordea. Talde honekin halakorik ez baita posible. Ez hartu ezta bertan gertatukoen kronika seriotzat eta objektibotzat; hori, ere, ezinezkoa baita. Dena den, kontu objektiboak (fact!) eta iritziak banatzen ahaleginduko naiz. Ordenarik gabe, hemen doaz ideia mordoa.

 

 

  1. Disko berria

Fact: Azken lan osoa (bai, 3 zatiak) jo zuten 4 egunetan. Ez zuten diskotako ordena mantendu. Aldaketa gutxi egon ziren 20 kanten ordenan egunetik egunerakoan: Lanbroa hasteko eta Poligrafo bakarra amaitzeko, tartekoak ondoko argazkian agertutakoen ordena jarraitu zuten (hau da azken eguneko setlist-a).BerriTxarrak Setlist 2015-01-12

Iritzia: Egia esan, kantak zuzenekoan estudioko bertsiotan baino hobeak dirudite. Eta ez estudioko lana eskasa delako, ez! Euren artean Alegia aipatuko nuke, lehen diskoko soinuen eta Harraren arteko nahasketa itzela, nolabait taldearen estilo baten historia laburbiltzen duen kanta (nahiz eta taldeak estilo bat baino gehiago dituen dagoeneko). Taldearen gogoak gehitu kanta on askori eta imajina dezakezue hortik irteten dena.

Diskoak zalantzaren bat utzi badizu, zuzenekoak kenduko dizkizu, zinez.

Gorkak ostiralean esan zuen: “guk honetan sinisten dugu, eta horregatik erabaki dugu disko osoa jotzea”. Bertan egon ginen gehienok ere oso sinetsita irten ginen emanaldietatik!

  1. Kanta zaharrak

Fact: gau bakoitzean aurreko diskoetako 4 eta 7 kanta artean jo zituzten. Ostiral, larunbat eta astelehenean lehenengo disko berri osoa jo eta gero sartu zituzten kanta hauek. Igandean ordea tartekatzen joan ziren. Astelehenean leher eginda ikusten zitzaien, hortaz agian esperotakoa baino kanta gutxiago sartu izana.

Iritzia: aukeran, kanta zaharrak eta berriak tartekatzearena nahiago. Beste bizitasun bat ematen dio kontzertuari. Berri guztiak errenkadan joz gero, hauek zuzenekoan entzuten nituen lehen aldia izanik, beste gauza batzuetara adi nengoen. Azkenean ordu bete pasatzen duzu horretan, eta zaharrak horrela jotzea badirudi beste kontzertu bat hasten dela. Hala ere, modu batean zein bestean, berdin-berdin gozatuko duzu!BerriTxarrak Setlist 2015-01-10

  1. Oreka

Fact: Oreka kanta errepikatu zituztenen artean dago. Momentuz bertsioren batekin nahastu gabe aurkeztu zuten, nahiz eta igandean kantaren lehen akordeekin batera Gorkak “Keep on rockin’ in a free world” oihukatu zuen pare bat aldiz.

Iritzia: kantu hau aipatzea erabaki dut, nolabaiteko ikur bihurtu delako taldearen bidean nonbait. Egia da baita Denak ez du balio ere 3 gautan jo zutela, baina tira, hau berezia da. Uste dut ez naizela hori uste duen bakarra.

Arraro egiten da tarteko bertsiorik gabe entzutea kanta hau jadanik, taldearen klasikoetariko bat zen! Geldialdiak, punteoak, beste kantak, denetarik gehitu izan zaio ereserki moduko honi urteetan zehar. Hala ere, guzti hori kenduta ere ez du indarrik galdu.

  1. Luzapena

2015-01-12 21.08.58Fact: gau bakoitzean 2 ordu inguru eman zituen taldean eszenatoki gainean. Astelehenean gutxixeago, 15 minutu gutxiago gutxi gora behera.

Iritzia: azkar pasatzen da, oso!!! Beste ordubetez jo izan balute ere, uste dut bertan ginenok pozik geundekeela. Gainera, eta aipatu bezala, badirudi 2 kontzertutan egon zarela: lehen diskoa jotzen dutenekoa bat, eta aurreko kantekin beste bat.

  1. Talde bat

Fact: talde bezala jotzen dute, eta talde bezala jokatzen dute.

Iritzia: igandean gertakizun esanguratsu bat eman zen. Gorka une batez Daviden lekura gerturatu zen eta, nahigabean, “desentxufatu” egin zen. Kablea zegokion lekuan jarri zioten arren, bere mikrofonoari bueltan zela berau trabatu zitzaion eta garaiz iritsiko ez zela ikusi zuen. Hortaz, Daviden mikrofonotik abestea erabaki zuen. David-ek ordea hau ikusi eta laster egin zuen Gorkaren lekura honen pedalak maneiatzera.2015-01-11 22.19.54

Sarri ikusi izan ditut halakoak beste taldeetan. Normalean teknikariren batek zapaltzen ditu pedalak, edota kantaren tarte hori letra gabe geratzen da, abeslariak bere lekua galdu nahi ez duelako.

Taldearen egoeraren metafora iruditu zitzaidan une hau.

  1. Zalegoa

Fact: adin orotako jendea batu ginen bertan. Adin orotako jendea zen lehen lerroan eta azkenean. Ezagunak, baita, eta ugari.

Iritzia: 20 urte daramatzate jotzen. Gutariko askok, gutxienez 17 urtez jarraitu izan dugu taldea. Gure adina gora doa. Eta hala ere, taldearen estiloa 18 urteko edozein taldek nahiko lukeena da. Adin aniztasuna taldearen zalegoari eskatu ahal zaion gutxienekoa da. Gehitu haien estiloan izandako aldaketak eta EHan dugun talde eskasia, eta gerturatu ginenen heterogenotasuna asma dezakezu.

Musikako hainbat dinosaurok ez bezala, gazte sentiarazten zaituen taldea da hau.

  1. Hobetzeko aukera

Fact: esan bezala, kanta berriak primeran entzuten dira zuzenekoan.

Iritzia: ostiralekoa kontzertu ona izan bazen, larunbatekoa hobea iruditu zitzaidan, eta igandekoa are hobea. Kantak lehen aldiz dabiltza aurkezten eszenatoki batean, beraz hobetzeko aukerak nabarmenak dira. Gutxika bada ere, kantek estudioko bertsiotik eboluzionatu eta berrikuntzak agertzen hasten dira. Eta ez dut esaten soilik Lemak, aingurak dantzagarrian “Donostia dantzan jartzeko trabak” edota “Intxaurrondo dantzan jartzeko trabak” esan zutelako, ez.

Polita izan behar du kanta hauek hilabete batzuek barru berriz ere entzuteak.

  1. Hitzak

Fact: Gorkak eta Davidek lehen baino askoz gehiago hitz egiten dute eszenatokian. Bai euren artean zein zalegoari.

Iritzia: gero eta erosoago daudelaren seinale, gero eta zalego gertuagokoa nabaritzen dutelaren ikur, transmititzen duten mezu horrekin gero eta ziurrago agertzen direlako, gustura hartzen dute mikroa kantak azaltzeko, pentsamenduak azaltzeko, haien talde sentimena agertzeko.

Gorkarekin barre egin genuen, ikasi egin genuen, eta batez ere entzun egin genuen, adi-adi entzun. Bere lotsati kutsu hura soinetik erantzi ezinik, noizean behin Davidek horretan lagundu egiten dio (eta baita adarjoka aritu baita noizean behin; halako batean barre artean Davidek Gorkari “mozteko” esan zion, Gorka bere mezuarekin luzatzen ari zelaren bistan). David berak ere gero eta hitz gehiago egiten du, oraindik bere posizioa beste bat den arren (“Galder makina” oihukatu zuen norbaitek Gorkaren hitzaldia moztuz, handik gutxira “Gorka makina” beste batek honi animoak eman nahian edo; laster agertu zen David, “eta ni zer?!?” kexaka. Duela ez horrenbeste, halakoetarako konfiantzarik ez zuen).2015-01-12 21.25.33

Zenbait unetan publikoaren elkarrizketan ari zirelaren itxura zuen kontzertuak, egia esan. Euren letrak asaldu guran, galderak bota zizkigun Gorkak zenbaitetan, irakasle batek egingo zuen gisa. Bestetan, ea diskoa entzun gabe gerturatu ote zen jakin nahi izan zuen. “Gustora, ezta?” galdetu Davidek barre artean zien baiezkoa erantzun zutenei. (Bide batez, haietariko batzuk diskoa erosi zuten irteeran.)

Bai, gustura egon ginen bertan, eta ez soilik musikak hitz egiten zuenean.

  1. Hiru

Fact: 3 taldekide dira, eta 3 disko atera dituzte azken lanean.

Iritzia: eta hau oso iritzi pertsonala da. Sutxakurrak Galderren diskoa da, Xake-mate kultural bat Davidena, eta Helduleku guztiak ordea Gorkarena.

Galderren soinuak bereiziki egiten dute distira Sutxakurren kanta denetan. Ezin esan besteetan txarto dabilenik, baina honetan bere abileziak hobeto erakus ditzakeela iruditzen zait, zuzenekoan behinik behin.

David poz-pozik agertzen da Xake-mate kultural bateko kantetan. Zerbait asmatuko duguko sarreratik Hitzen oinarri ahularen estribillora arte. Benetan sentitzen ditu eta ez du istant bat bera ere geldi ematen.

Helduleku guztiak, 3 diskoetan intimoena izanik, Gorkaren diskoa dela iruditzen zait. Ardura gehiago hartzen dute bere ahotsak eta bere gitarrak. Bere unea da.

Hau guztia diot, uneren baten ere talde itxura galtzen ez duen hirukote bati buruz. Tira.

  1. Teloneroak

Fact: ostiralean Altxatu Nafar gazteak aritu ziren, larunbat eta igandean Not Scientists Frantziarrak, eta astelehenean inor.Altxatu - Intxaurrondo

Iritzia: Altxatu talde gaztea izan genuen ostiralean. Eta gaztea diodanean, benetan gaztea esan nahi dut. Zaila da sinistea dagoenekoa 2 disko dituela hirukoteak kalean! Musikalki rock-a eta punk-a jorratzen dute; momentuz, punkean erosoago aurkitzen dira (RRV garaiko punka gainera). Egia esan, Hitza eta Hizkuntza kantua entzuna nuen irratian eta ez nuen oso atsegin; zorionez, beste kantak hori baino askoz hobeak direla aitortu behar dut. Bestalde, abeslaria eszenatokian jaioa dela ematen du: ederki mugitu gintuen gora eta behera, barre eginarazi (bai kanta, batez ere Me repite el bakalao delakoarekin, zein hauen sarrerekin), beraien xehetasunak kontatu (kuriosoa benetan Asma kantuarena, bertsio bat berau) eta amaiera aldera gure txalo beroak irabazi. Ibilbide luzea izango du talde honek, ziur. Hauek entzuteko garaiz sartu ginenok primeran pasa genuen.Not scientists - singer

Not Scientist Frantziarrek ere punka jorratzen dute, baina beste punk itxiago bat, Ingelesagoa agian. Zaila da haien kantuak bat-batean preziatzea. Soinu ona dute, eta estiloa oso markatua (nire aldetik oso gustuko dudan estiloa dela aitortu behar dut), eta agian horregatik eman zituzten emanaldi bi. Indarrez beteak daude, zalantzarik ez.

  1. Eszenatokia

Fact: azken diskoaren estetika jarraitzen duen oihal atzealdean, eta etxe itxura sortu nahi zuten apur batzuek ertzetan. Eta baterian apaingarri polita.

Iritzia: taldeak inoiz ez dio aparteko garrantzirik eman eszenatokiari. Oraingoan, aurrekotan baino zertxobait gehiago landu duten arren, ez da apartekoa izan ezta. Zeresan gehien sortu zituena, noski, bateriaren apaingarria. 2015ean argazkirik gehien jasoko duten objektuen zerrendara doa zuzenean. Bide batez, ordenagailuaren arratoia ikusten zen noizean behin atzeko oihalean!2015-01-11 01.04.04

Aukeran, askoz aipagarriagoa suertatzen zait kamiseta berrien diseinua: agur diskoaren portada inprimatze hutsari (eta pozten naiz!!)

  1. Aurrerantzean

Fact: bira honetako beste kontzertutara joango naiz. Edota ahaleginak egingo ditut, behintzat.

Iritzia: egia esan, lau kontzertuen artean barietate gehiago espero nuen. Gauzak gehiago aldatzea egunetik egunera. Tira, nire errua, halakoak espero izatearren. Baina hala ere astelehenean oraindik azken kontzertua entzuteko gogoz nengoen. Eta asteartean bosgarren bat entzungo nukeen poz-pozik. Ikur hobeagorik ez dago.

Nolabait, 4 kontzertuak kronika hau baino laburragoak izan zirelaren sentipena dut…

Posted on 2015/01/17, in Uncategorized and tagged , , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi zure erantzuna!