Seaska ikastolaren festa eta Berri Txarraken agurraren hasiera

Areto handietako kontzertuak ez ditut oso gustoko, eta Seaska ikastolaren urteurrenak beldurra ematen zidan. Berri Txarraken agur bira, Willis Drummond-en tamainako beste talde bat, helburu polit bat… Jendez lepo egongo zen leku handi bat espero nuen. Kontzertua urrun eta gaizki ikusi eta, agian, oso eroso ez ginen egongo.

Baina urtebete generaman Lekunberrin sortutako taldea ikusi gabe (nire bizitzan eman dudan denboraldirik luzeena?), eta harra erraietan gora eta behera zebilen, gogor.

Miarritzeko Iraty aretoan emandako lehen unetan nire beldurrak egi bilakatu ziren: auto ilarak heltzerakoan, Berri Txarraken merchandising gunea gainezka, edari eta janari tiketak erosteko postuetan ilara amaigabeak, leku batetik bestera mugitzeko lanak, aretoko barra nagusira gerturatzea ezinezkoa… Dena horren motel joanik, lehen taldearen (Diabolo Kiwi) emanaldia galdu genuen.

Gero musika hasi zen, eta denak hobera egin zuen.

Willis Drummond: gutxiago gehiago denean.

Gauza bitxia gertatzen zait Iparraldeko taldearekin: hirukote direnetik, toki handiak hobeto datozkie txikiak baino. Agian potentzia kontu bat baino ez da, baina Intxaurrondon Azpeitian baino hobeto ikusi nituen, eta Miarritzen berriz Intxaurrondon baino askoz hobeto. Talde bezala momentu polita hartu dute, bakoitzak bere rola ederki betetzen eta beraien artean ondo moldatzen.

Ekipo bikaina lagun, saio indartsua eskaini zuten. Atte ttipia edota Anai moduko kantei aspaldi entzun ez diedan potentzia zerien, eta Joan Ikustera edota Ilegala modukoek aretoa saltoka jarri zuten. Etxean (edo etxetik gertu behintzat) jokatzen zutela agerikoa zen; hala ere, taldeak Euskal Herri mailan status itxurosoa lortu du eta Euskal Herriko bazter guztietako jarraitzaileak aurki zenitzake.
DSC01027

Zerbait leporatzekotan: setlist-a. Intxaurrondoko kontzertuaz geroztik kanta berdinak, orden berdinean jotzen dituzte. Oso zerrenda rockeroa da, gainera, aintzinako garaietako bestelako soinuetatik urrunduta. Ahaztuta geratu da gauero kanta ezberdinak agertzen ziren garaiak, edota erritmo aniztasuna eskaintzen zuten Noiz da gero, Lerroak, Instanteak, Noix, Erabakia eta tankerakoak.

Ziurrenik Miarritzekoa ez zen egunik onena kantu ez-horren-ezagunak aurkezteko, baina espero areto txikietara itzultzen direnean ohitura hari berrekitea.

Berri Txarrak: hasten ari direnen indarra.

Agur esatekotan dauden taldeak ikustea egokitu izan zait zenbaitetan, eta Berri Txarrakek ez zigun horien antzik eskaini, egia esan. Noizbait somatu diedan neke aztarnarik gabe agertu zitzaigun hirukotea, beraien karrera hastear duten 3 nerabe balira bezala. Indarrez, gogoz eta energiaz gainezka, egiten dutenean sinetsita dauden 3 tipo xume. Gezurrik gabeak, artifiziorik gabeak agertu ziren.

Joder, ze onak diren.

Urrun geratzen zaizkit ia astero ikusten nituen garaiak, eta hargatik agian ahaztu egiten zait zeinen onak diren. Zeinen kantu onak dituzten. Zeinen ondo moldatzen dituzten zuzenekoetara. Ze ondo konektatzen duten zurekin, nirekin, gurekin.

Dekorazio sinple baina eder bat lagun (izarrez beteriko zerua zirudien argi-sarea besterik ez), saio sendoa eta borobila eskaini zuen hirukoteak. Hitz gutxi eta kantak azkar pilatuz bata bestearen gainean hasieran, zertxobait berbazaleago amaiera aldera.

Mundu guztia pozik uzteko moduko saioa izan zela esango nuke: azken diskoko 5 kanta jo zituzten (beste diskoetatik baino askoz gehiago) heldu diren azkenen onerako; falta ezin diren zenbait klasiko ez zituzten ahaztu (Denak ez du balio, Oreka, Ikasten, Izena, izana, ezina); horren sarri jotzen ez duten kantaren bat (Makuluak, Zimelkor, Kanta goibelak, Payola, Solo el pueblo…); beraien diskografiaren top3an agertuko ez diren baina ikaragarriak zaizkigun kantak (Libre, FAQ, Zertarako amestu); eta ezin ahaztu horren urruti geratzen den Ikusi arte, agian gaur egun inuxente samar entzuten den kantua baina beraien ibilbidea zeinen luzea izan den azaltzen duen ikurra.

Kantaren bat faltan botako zuen gutariko bakoitzak, ziur: niri Iparra galdu, Isiltzen banaiz, Ni ez naiz aldatuko, Harra, Iritsi, agian lehen diskoko medley bat datozkit burura boteprontoan. Beste askok Oihu edota Lemak, aingurak ezinbestekoak direla esango dute. Baina ez dut uste inor kexatzeko moduan egongo denik; ez, behintzat, idazten duen honek.DSC01036

Hori bai, ordubete gehiago iraun izan balu, denok pozik egongo ginateke. Agian, beste askotan bezala, hori da leporatu diezaiekegun gauza bakarra: beraien kontzertuak luzeagoak izan beharko lukete. Horren ona zarenean oso zaila da ibilbidea ordu t’erdi edo bi ordutan laburbiltzea. Egia, ordea, hori zaila bihurtzen dela horrenbeste egun jarraian jotzen duzunean. Espero Iruñeako azken bi horiek (eta udan emango omen duten erraldoi hori, agian Anoetakoa) 3 ordutatik behera ez egitea!

Xiberoots: festa giroa festa gabe

Inor gutxi geratu zen Xiberoots ikustera. Une hau hartzen duten taldeek beti dute lan zaila, baina azken tiketak gastatzen geratu zirenei soinu banda alaia ezarri zieten. Era askotako hitzak dituzten arren, beti jaigiro batekin apaintzen dituzte soinuak. Oraingoan gutxienez,
jende nahikotxo izan zuten soinu horiek entzuten.

Aretoa utzi genuenean ilararik ez zen, jende gehiegi ez zebilen inguruan. Kotxean, etxera bueltan, musikarik ez genuen jarri, agian entzundakoek oihartzun egin zezaten denbora luzeagoan. Egunak pasa dira eta oraindik hemen dabiltza, bueltaka.

PD bitxikeri bezala, aipatu erraza zela “Berri Txarrakek Biarritz sutan jartzen du” esanez hastea. Arrazoia: hirugarren kantan Galderren inguruek su hartu zuten (ezin esan anpli bat edo kable bat edo non hasi zen sua), eta bakarrik langileen azkartasunak lortu zuen kontzertua gelditzeko beharrik ez izatea. Eskerrak eta eskerrik asko, talde!

Posted on 2019/02/21, in Uncategorized and tagged , , . Bookmark the permalink. Utzi iruzkina.

Utzi zure erantzuna!